- Izotz Hockeya
Asteburu beltza izan da euskal taldeentzat
BAIONA
Asteburu beltza izan da izotz hockeyak Euskal Herrian dituen bi taldeentzat, oso beltza. Frantziako Ligako maila nagusian, bazirudien Hormadik joan den astean lortutako garaipenaren ostean suspertzen hasiko zela, baina 8 eta 1 galdu du Mont Blancen aurka jokatu duen norgehiagokan.Partida txarra egin zuten lapurtarrek, eta markagailuak dena erakusten du. Etxeko taldea lehen segundotik kantxaratu zen garaipenaren bila, eta lehen atsedena hartzerako 2-0 aurreratu zen. Dena dela, lehen hogei minutuetan nahiko txukun aritu ziren angeluarrak. Bigarren zatia oso txarra izan zen Hormadirentzat. Erraztasun asko eman zituzten eta Mont Blanc taldeko jokalariek ederki asmatu zuten opariak aprobetxatzen. Beste sei gol egin zituzten, eta 8-0ekoa jarri zuten markagailuan. Emaitza horrekin joan ziren bi taldeak atseden hartzera. Partida ia erabakita zegoen, eta etxekoak lasaitu egin zuten beren jokoa, eta horri esker, Marechealek lortu zuen Hormadiren partidako gol bakarra. Sailkapenean azken-bigarren postuan daude.
Txuri Urdin
Espainiako Ligan ere gauzak ez dira askoz hobeto joan, Txuri Urdinek galdu egin baitzuen Jacara egin zuen bisitan. Donostiarrek 4-2koarekin galdu zuten. Hala ere, gipuzkoarrek nahiko lan txukuna egin zuten. Lahen zatian 1-2 aurretik zirela joan ziren atseden hartzera. Bigarren zatian, ordea, huts batzuk egin zituzten, eta Aragoikoek ez zuten hori alferrik galdu, bi gol lortu eta partidari buelta ematea lortu zuten-eta. 3-2koarekin joan ziren bigarren atsedena hartzera.Hirugarren eta azken zatian, Txuri Urdin erasora joan zen, partida hori iraultzeko asmotan, baina kontraeraso batean etxeko jokalariek egin zuten laugarren gola, eta norgehiagoka erabakita utzi zuten une horretan bertan.
|