BAIONA
Ikas-Bik, irakaskuntza publikoko ikasle elebidunen gurasoen elkarteak, Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzan prentsaurrekoa eman zuen atzo, eta erakundeko presidente Max Brisson-ek parte hartu zuen. Ikas-Biko presidente Thierry Delobel EEPren lanarekin pozik agertu zen.Aurtengo ikasturte hasiera «oso positibotzat» jo zuen Ikas-Biko presidenteorde Mixel Estebanek, ikasle eta irakasle kopuruei begiratuta. Ipar Euskal Herrian diren 145 eskoletatik 55ek ikasketa elebidunak eskaintzen dituzte, aurten sei ikastetxe gehiagotan ireki dituzten ikasgelak kontuan hartuta. Lehen Hezkuntza publikoan diren haurren %22k ele bitan ikasten dute; hau da, 3.500 ikaslek 16.000tik. Horietatik 1.900 Haur Eskolan daude, beraz, garapena ikasleekin eginen dela aurrez ikus daiteke.
Egoera okerragoa da Bigarren Hezkuntzan; izan ere, ikasketa profesional eta teknikoetan ez da euskaraz ikasteko inolako aukerarik. BABn bi kolegiok bakarrik eskaintzen dituzte ikasketa elebidunak, nahiz eta Ipar Euskal Herriko ikastetxeen erdia eskualde horretan dauden.
2007rako prestaketak
Max Brisson EEPko presidenteak hurrengo ikasturte hasierarako prestakuntzak egiten ari direla nabarmendu zuen. Ikas-Birekin elkarlanean jarraituko dutela adierazi zuen. «Kolaborazioa orain oso ongi arautua dago irakaskuntza elebidunean eskaintza pedagogikoa osoa izan dadin», adierazi zuen.Bigarren mailako ikasketetan dauden hutsuneak betetzeko Ikuskaritza Akademikoari beste ikastetxe batzuk irekitzeko baimena eskatuko diotela adierazi zuen. Hala, Angelun, Donibane Garazi-Baigorri eta Zuberoako kolegioetan irakaskuntza elebiduna irekitzeko. BABn ere kolegiotik goiti diren ikasketetan euskararen presentzia handitzea aipatu zuen.
Lehen Hezkuntzari dagokionez, hurrengo urterako Bokaleko, Lehuntzeko, Urketako eta Bidaxuneko herriko etxeekin batera herriko gurasoen artean inkesta bat egiten ari direla adierazi zuen, hurrengo ikasturtean ikasgela elebidun bat irekitzeko. Inkesta horiei dagokienez, EEPko presidenteak aipatu zuen normalean galdeketan agertzen diren haurren kopurua baino handiagoa izaten dela matrikulatze kopurua.
Hezkuntzaren azterketa kualitatiboa egiten ari dela adierazi zuen Brisson-ek. Azterketak hezkuntzaren kalitatea eta hobekuntzarako puntuak zehaztuko ditu.
Eskualdeetako Hizkuntzak Irakaskuntza Publikoan Federazioak mahai ingurua antolatu du «Katalunian elebitasuna irakaskuntza publikoan» gaitzat hartuta. Euskal Herriko irakaskuntza elebiduna erreferentzia eta eredutzat jotzen dela adierazi zuen Ikas-Biko presidente Thierry Delobel-ek. Gaur egun garai historiko batean gaudela ere adierazi zuen Delobelek; izan ere, hizkuntza politika bat garatzen duen EEP bada.
Euskarazko material pedagogiko berria
Euskarazko argitalpen berriak aurkeztu zituen atzo Ikas-Bik. Bigarren Hezkuntzan, Historia eta Geografiarako laugarren, bosgarren eta seigarren mailarako liburuak aurkeztu zituzten. Hirugarren liburua oraindik inprimatzen ari dira, azken mementoan programa aldatu dutelako. Lehen Hezkuntzan, Zientzia eta Teknologiarako «Eguzki Lore» liburuak aurkeztu zituzten. -