Ixerka! desagertzear utzi dutela salatu dute Lezon
LEZO
Iragan irailean hartutako erabaki bat dela medio, Lezoko Udalak herriko haur txoko edo ludotekaren kudeaketa Donostiako enpresa baten eskuetan utzi zuen, eta horrek herrian eragin kaltegarriak izan ditzakeela salatu zuten hainbat herritar eta zerbitzu horren erabiltzailek atzo.Orain artean Orratx! Kultur Elkarteko parte zen Ixerka! Haur eta Gazte Sailak kudeatzen zuen, eta kudeatzaile aldaketaren ondorioz, sail hori «desagertzeko arrisku bizian» geratu dela salatu zuten Kultur Elkarteko hainbat kide, kide ohi eta erabiltzailek. Izan ere, aurreko maiatzean, udaleku irekia ere Donostiako enpresa horren beraren eskuetan utzi baitzuen Lezoko Udalak. «Herrian honelako irabazi asmorik gabeko ekimen errotuak sortzea zein zaila den jakinik, etorkizunean basamortu batekin aurki gintezke», salatu zuten atzoko agerpenean Ixerka!-ri dagokionez. «Ekaitzen garaitik zetorren ibilbidearen haria eten da, beraz», ondorioztatu zuten.
Jakinarazpen ofizialik ez
Ixerka!-k herriaren zerbitzuan emandako bost urteak aztertu ondotik, Udalak egindako jakinarazpen bakarra ahozkoa izan dela salatu zuten haur eta gazte saileko kideek. Hala ere, herriaren alde lanean jarraitzeko asmo sendoa agertu zuten.
|