Eibarko hiru preso politiko aske gelditu dira
EIBAR
Simone Begiristain, Rikardo Aranburu eta Julen Ereñaga Eibarko hiru preso politikoek askatasuna berreskuratu zuten atzo eta Euskal Herrian dira dagoeneko. Askatasunak jakinarazi zuenez, Topaseko eta Valentziako espetxeak utzi zituzten atzean. Hiru eibartarrak 2001eko urriaren 19an atxilotu zituen Polizia espainolak ETAko kideak izatea leporatuta. Komisaldegian bost egunez inkomunikaturik igaro eta gero, epailearen aurrean torturak pairatu izana salatu zuten eta jarraian, hirurak espetxeratuak izan ziren. Hiru eibartar hauek, sakabanaketa politikaren ondorioz, gutxienez hiru espetxe aldaketa bizitu dituzte oraino. Alta, atzo Eibarra itzuli ziren lau urte gatibu igaro eta gero. Askatasunak deia egin dio herritarrei hiru eibartarren ongi etorrian parte hartzeko.
Hermosaren egoera salatuz Bestalde, atzo ere mobilizazioak izan ziren euskal preso politikoen eskubideen defentsan. Hala, Koldo Hermosa presoaren sorterrian, Santurtzin, bere aurka ezarritako bizi osoko espetxealdia salatzeko egun osoko elkarretaratzea egin zuten Udaletxe aurrean, 11.00etatik 19.30ak bitarte. Ostiralean, 20.00etan, manifestazioa egingo dute Hermosaren eta oro har euskal preso politikoen egoera salatzeko. Atzo iluntzean, gainera, ohiko enkarteladan ehun bat lagunek hartu zuten parte. Abadiñon ere protesta egin zuten 15 herritarrek. Zaldibian, aldiz, 25 lagun izan ziren elkarretaratzean parte hartu zutenak, 37 Indautxun, 25 Berangon, 11 Euban, 20 Sopelan, 14 Añorgan eta 27 Altzan.
|