DONOSTIA
Euskal Herrian ez, baina Britainia Handian oso ezaguna da Michael Morpurgo, ehun liburu baino gehiago idatzi baititu eta hamaika sari irabazi ere bai. Britainiako Inperioko ofizial izendatu dute. «Ume ingelesek asko miresten dute Morpurgo, baina sortzailearen ekarpena ez da haur eta gazte literaturara mugatzen. Horren froga da hamasei urtetik gorako edozeinek irakurtzeko moduko liburu hau, Lehenengo Mundu Gerran kokatutako istorio hunkigarri hau, Mirentxu Larrañagak ezin hobeto itzuli duena», baieztatu zuen Alberdaniako Inazio Mujikak aurkezpenean.
«Joan dira dagoeneko, eta bakarrik nago azkenean. Gau osoa dut nire kontu, eta ez dut unetxo bat bera ere alferrik galtzeko... Gaurko gauak luze jo dezan nahi dut, nire bizitzak bezain luze...». “Peaceful soldadua” eleberriko protagonistaren pentsamenduak dira horiek, egunsentian hil eginen dutela badakien Thomas gaztearenak.
Lehen Mundu Gerra da eta haurtzaroari egiten dio so mutilak borroka zelaietatik. Minutuak aurrera doaz eta gero eta gertuago dago amaiera. Tommok erlojuari begiratzen dion aldi bakoitzean atal berri bati ematen dio hasiera Michael Morpurgok. Zera idatzi zuten “Sunday Times”en liburuari buruz: «Berotasunez eta atsekabez bor-bor dago, eta suharki adierazten du hil barik irautearen edertasun baliotsua».
Morpurgo gerra osteko Londresen hazia dela ekarri zuen gogora Mirentxu Larrañaga itzultzaileak: «Armadaren tiroketa batean hildako osaba ezagutu ez bazuen ere, oinazeak hurrengo belaunaldietan ere bizirik dirauela baieztatzen du britainiarrak. Liburua erresuminak jota idatzi zuela ere aitortzen du, alferrik galdutako jende on hori guztia ezin baita berreskuratu».
Juan Kruz Igerabidek euskaratutako “Txoria” ez da liburu alaiagoa. Oh Jung-hi egilea Seulen sortua da, oraindik Korea japoniarren mende zegoenean. «Gerrak eta diktadura militarrak emakumearen haurtzaroa tristetu zuten, eta hori primeran islatzen da eleberrian jakinarazi zuen Igerabidek. Istorio xumea eta polita da hasieran, ama galdu duten bi anai-arreba protagonista dituena. Baina tragedia bortitza eta gogorra gero. Utzikeriaren nobelatxoa da. Irribarre erdi tristearekin irakurtzen hasi eta itomen larri batek harrapatu ninduen azkenean. Aitaren irudia oso gogorra da, bai falta denean eta bai presente dagoenean ere».
Izugarri gustatu zaio Juan Kruz Igerabideri korearraren teknika narratiboa: «Bukatu dela dirudienean berriz indarrez hasten den abestiaren modukoa da. Maite dut prosa orientala, hari mehe bat bezalakoa baita; xumea. Zeta sortu zuten tokian zetaren antzeko mugimenduak gehiago egiten dituzte».