MADRIL
Harriet Iragi Bilboko preso politikoa absolbitu egin zuen atzo Auzitegi Nazionaleko 3. Aretoak. Izan ere, «mehatxu terroristak» egin izana egozten zioten. Hain zuzen ere, gaur, Madrilgo Auzitegian epaituko duten Iñaki de Juana euskal presoari «mehatxu terroristak» sei aldiz egin izana egozten diote, baita «erakunde armatuko kide izatea» ere. Bi iritzi artikuluren harira egozten dizkiote delitu horiek eta 96 urteko espetxe zigorra eskatzen dute Fiskaltzak eta AVT elkarteak Iñaki de Juanaren aurka. Auzitegi Nazionaleko 1. Aretoak Harriet Iragi bilbotarra absolbitu du, 2005eko uztailean Kordobako presondegiko bi funtzionariori ustez «mehatxu terroristak» egiteagatik. Iragiri presondegian egindako «mehatxuak» egozten zizkioten, hala nola, «garesti ordainduko duzue» gisako esaldiak funtzionarioei esan izana, betiere kartzelarien esanen arabera.
Era berean, sei aldiz «mehatxu terroristak» egin izana egozten diote bizi osoko espetxealdiaren aurka 63 egunez gose-greban egon den Iñaki de Juana presoari, GARAn idatzitako bi iritzi artikuluren karietara. Mehatxuen delituaz gain, ETAko kidea izatearen delitua egotzi nahi diote berriro, hain zuzen ere, jada zigorra betea duen arrazoi beragatik.
Fiskaltzak, atzo, aurretiaz adierazitakoa berretsi zuen: «Gehiegikeria» dela 96 urteko zigorra eskatzea eta seguru asko ETAko kide izatearen delitua eskaeratik kenduko dutela. Gainera, atzo bertan eman zuten aditzera 96 urteko eskaera egin zuen Jesus Alonso fiskala ez dela epaiketan izango, eta haren ordez Fernando Burgos arituko dela fiskal lanetan Auzitegiko 1. Aretoan.
Nahiz eta Fiskaltzak hori adierazi, oraindik bere eskaerak AVT elkartearen parekoa izaten jarraitzen du: 96 urteko espetxe zigorra bi iritzi artikulu idazteagatik.
Donostiarren sostengua gaur
Bestalde, aipatzekoa da Harriet Iragi absolbitu duten epaile berberak izango direla Iñaki de Juana gaur epaituko dutenak, baina aretoa eta bertako presidentea aldatuko dira. Fermin Echarri eta Flor M.L. Sanchez epaileak izango dira De Juanaren aurkako auzia erabakitzen, eta Ricardo Rodriguez epailea izango da aretoko presidentea.
Iñaki de Juanak 2004. urteko urrian 18 urteko espetxe zigorra bete zuen arren, orduz geroztik bi urte daramatza behin-behineko gatibu. Preso donosti- arraren askatasuna eskatzearren, Etxerat-ek harreman dinamikak garatu ditu Nafarroan eta Donostian. Atzo, Iruñeko Gobernu espainolaren Ordezkaritza aurrean elkarretaratzea egin eta gutuna eraman zuten. Donostian, ordea, Udaleko alderdi politiko guztiek muzin egin zioten eurekin biltzeari.
Donostiako Alde Zaharrean burrunbada egin zuten 40 lagunek, eta autobus bat ere antolatu dute, 30 pertsonekin, Madrilgo epaiketan presente egon eta elkartasuna helarazteko.
Bestalde, preso politikoen eskubideen alde 41 lagun elkarretaratu ziren Iruñeko Alde Zaharrean, 27 Arrosadia auzoan, 15 Donibane auzoan, 24 Berangon, 80 Eibarren eta 48 lagun Lazkaon, bertakoa den Belen Gonzalez presoaren alde.