Euskaraz azpidatzitako zazpi film luze eta hamahiru labur, Beldurrezko Astean
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean, nola edo hala, txoko bat lortu du euskarak azken urteotan. Aurtengo edizioa ez da salbuespena izango. Izan ere, haurrentzako bi film euskaraz proiektatuko dituzte eta, euskaraz azpidatzita, helduentzako beste zazpi. Hamahiru film labur ere euskarazko azpidatziekin ikusi ahal izango dituzte zaleek. Erakusketa batek eta bi ikastarok biribiltzen dute «euskal egitaraua».
DONOSTIA
Zenbaitek uste zezakeen baino askoz hobea omen da Beldurrezko Astearen «euskal egitaraua»k lortzen duen harrera, Ramon Etxezarreta Kultura zinegotziak atzo nabarmendu zuenez. Eta harrera on hori ez du lortzen Kursaalen haurrei begira proiektatzen dituzten filmen atalak bakarrik. Izan ere, hori aldez aurretik irabazitako apustutzat jo liteke. Kontua da Principen helduei begira egunero 19.45ean programatzen dituzten euskaraz azpidatziriko filmek ere oso harrera ona lortzen dutela. Aurten, gainera, harrera hori hobea izango dela jakinarazi zuen Jose Luis Rebordinos Astearen zuzendariak, programazioa ere bereziki tentagarria delako.Bihartik hasita, zazpi izango dira Principen euskaraz azpidatzita proiektatuko dituzten filmak. Horietako hiru David Cronenberg-i eskainitako atzera begirakoari dagozkio; beste lau, berriz, aurtengo film luzeen Sail Ofizialari. Eta, Rebordinosek esan zuenez, lau film horiek ez dira nolanahikoak, berri-berri eta punta-puntakoak baizik. Esaterako, “Isolation” Irlandakoak Gerardmerreko Zinemaldian sari nagusia eta ikusleena irabazi berri ditu; “Paprika” Japoniako animazio filma, berriz, Veneziako Sail Ofizialean lehiatu da. Principeko sarrerak sei euroan daude, baina hamar sarrera eros daitezke hogeita hamar euroren truke. «Euskal egitaraua» Antzoki Zaharrera ere iritsiko da aurten. Azaroaren 4an, 17.00etan, Sail Ofizialeko hamahiru film laburrak proiektatuko dituzte. Egun berean, Kursaalen, baina, haurren egun handia izango da. Eguerdian, “Harri magikoaren bila” Alemaniakoa proiektatuko dute; eta 17etan, berriz, “Cristobal Molon” Euskal Herrian bertan ekoitzia. Biak ala biak animazio filmak dira. Sarrera doan izango da eta gonbidapenak dagoeneko eskura daude Kutxak Garibai 20an dituen bulegoetan. Erakusketa batek eta bi animazio lantegik osatzen dute «euskal egitaraua». Lehenengoa Juan Luis Landaren eta Marko Armspacheren marrazkiekin osatua da, eta Ernest Lluchen jarriko dute. Lantegiak, berriz, haurrei zuzenduak, zentro horretan ez ezik Larrotxenen ere egingo dituzte.
Lakuako Gobernua gogoan Lakuak Kulturaren Euskal Planari begira antolatu dituen bileretan Donostiako udal teknikariek ez dutela parte hartuko jakinarazi du aste honetan Etxezarretak, eta atzoko aukera ere ez zuen ezer esan gabe pasatzen utzi nahi izan. «Donostiako Udala filmak euskaraz azpidazten dituen erakunde bakarra dela uste dut. Beldurrezko Astean, Zinemaldian eta Nosferaturen programazioan egiten du, aspalditik, gainera, eta beti bere bizkar. Harro gaude, eta esan egiten dugu, honetan ardurak izan ditzakeen norbaitek entzun nahi ez badu ere».
|