Oroimenak ez du atseden hartzen, kantak ere ez
·Bide Ertzean taldeak 36ko gerran oinarritutako disko bat kaleratu du
Aitona eta birraitona gerran galdu zituzten, eta horrek markatu zuen Imanol eta Joni Ubeda musikarien familia. Orain, bikoteak senideen memoria baita hainbeste fusilatu eta desagertutakoren gogorapena ere berreskuratu nahi izan du. Eta haiek dakiten bezala egiten dute, musikaren bidez. «Non dira» disko ederra eta berezia atzo aurkeztu zuten Bilbon.
BILBO
“Non dira” (Gaztelupeko Hotsak) Bide Ertzean taldearen seigarren diskoa da. Horretan, Jon eta Imanol Ubeda anaiek Karlos Aranzegi bateria-jotzailearekin, Fran Iturbe gitarra-jotzailearekin eta Joserra Senperena pianistarekin batera gaikako lan bat egin dute. 36ko gerran dago oinarrituta, eta, hala, memoria berreskuratu nahi dute.
«Duela bi urte hasi ginen gerraz kezkatzen. Etxean badauzkagu eraildakoak eta desagertutakoak, baina inoiz ez digute gehiegi kontatu. Duela bi urte, ordea, gaiari heldu genion. Ez zen erraza; inork ez du nahi izaten sufrimendua konpartitu», esan zuen atzo Imanol Ubedak. Etxean garai hartan gertatu zena ulertu zutenean, beste istorio batzuei buruz informazioa bilatzen hasi ziren. «Gerra eta gerra ondokoa oso gogorrak izan ziren alargunentzat eta umeentzat. Disko hau ez da autobiografikoa, nahiz eta gure familian gertatutakoa abiapuntua izan. Oso istorio ederrak eta gogorrak topatu ditugu, eta haiei kantatu nahi izan diegu», esan zuen. Lan horretan, adibidez, badago “Trece rosas rojas” izeneko kanta bat, Madrilen fusilatu zituzten hamahiru emakume gazteri omenaldia, edo “Les Dones del 36”, Kataluniako elkarteari eskainitako beste bat. Baita “Manuel Goenagak kontatutakoa” izenburukoa ere.
Bai musika, bai hitz guztiak propioak dira. «Testuak garrantzi handia du eta horregatik nahiko kantu biluziak dira», azaldu zuen Joni Ubedak. «Abestiak jantzi ditugu, baina oso parafernalia gutxirekin. Oso oinarriko kantuak dira eta nik esango nuke, pop-a eginez, folk mundura hurbildu garela».
Istorioek berek eragin dute soinu aldaketa. «36ko kontaketa bati ezin zaio gaur egungo soinua ipini», aipatu zuen Jonik. Konposatzeko era, gainera, ezberdina izan da oraingoan. «Hirurok parte hartzeaz gain, Joserra Senperena egon da gurekin, eta horrek, nahi gabe, beste leku batera eraman gaitu. Minimalismora joan gara, oinarrietara bueltatu». Garate estudio- etan grabatu zuten diskoa, oso «modu intimoan». Bi kolaborazio izan dituzte: Berri Txarretako Gorka Urbizu eta Quique Gonzalez kantari madrildarra. Azken horrek «atsegina handiz» hartu zuen proposamena, baina baldintza bat jarri zuen: euskaraz abestu behar zuela.
Diskoan aipatzen den bezala, «oroimenak ez du atseden hartzen». Kantak ere ez.
|