HENDAIA
«Zergen gida» deitzen da atzo Hendaian Estatu frantseseko Ekonomia, Finantza eta Industria Ministerioak aurkeztu zuen liburuxka. Bertan Estatu espainoleko biztanleak Estatu frantsesera bizitzera doazenean izaten dituzten zergei buruzko galderak erantzuten saiatzen dira gaztelaniaz.
Gida Bidasoaren bi aldeetako toki enblematiko batzuetan egongo da. Era berean, gida non aurki daitekeen esaten duen liburuxka bat atera dute eta azken hori 50 toki baino gehiagotan egongo da. Besteak beste, higiezinen agentzietan, Bidasoaren bi aldeetako udaletxee- tan eta Ogasun bulegoetan aurkitu ahal izango da.
Gida osatzeko Hendaiako Ogasun Bulegoan Hego Euskal Herritik Hendaiara bizitzera joandako 60 bat pertsonari inkesta egin zieten. Elkarrizketa horien bitartez Hego Euskal Herriko biztanleen artean gehien errepikatzen ziren zalantzei erantzuna eman diete. Hala, Hego Euskal Herrian existitzen ez diren zergen azalpena edo zergen egutegia agertzen dira gaztelaniaz.
Hendaian bizi den jendearen %30 eta %40 artean Estatu espainoleko biztanleak direla kontuan izanik, ekimena Lapurdiko kostaldeko hiriaren inguruan sortu zen. Lana egina denez gero, Ministerio frantsesa Estatuko beste mugetan ere horrelako gidak argitaratzea pentsatzen ari da.