Ordizia-Lazkao errepidea arriskutsua dela salatu dute CAFen
BEASAIN
CAFeko langileek «ezinegona» utzi dute agerian Beasaineko lantegia zeharkatzen duen errepide zatian dagoen «arriskuagatik», Ordizia-Lazkao errepidean, hain zuzen. «Bertan lanean ari garenok eta gainerako herritarrek errepide hori erabiltzen dugunean etengabe izaten dira istripuak», salatu du batzordeak.
Argitutakoaren arabera, 1999ko urriaz geroztik enpresako ordezkari sindikalek planteatu izan diote arazoa «enpresari Lan Osasu- neko Batzordean, eta bailarako udalekin bilerak egin dituzte», baina jasotako erantzuna «errepide zati hori Diputazioarena» dela izan da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren «aitzakia», hala ere, asmoa «errepide zati hori Ordizia, Beasain eta Lazkaoko udalei ematea» dela izan da.
Era berean, auziarekin zerikusia duten guztiei, enpresari, Diputazioari eta udalei, «berehala biltzeko» eskaera egin die batzordeak. «Gogorarazi behar dugu Lan Osasuneko Batzordean arlo sozialeko kideok eskatua dugula jada Tubos Arrizabalaga parean dagoen pasabideak egun daukan arriskua konpontzeko», gaineratu du. Horrela etorkizunean gerta daitezkeen istripuetako erantzukizuna Diputazioarena, udalena eta enpresarena izango dela argitu du batzordeak.
|