Sindikatuek prekarietatea hartzen dute lan istripu kopuru handiaren oinarritzat
Asteazkenean hiru pertsona hil ziren Euskal Herrian bi lan-istriputan; bata Nafarroan gertatu zen, Berriobeitiko Nortonen, eta bestea Arabako Armiñongo N-1 errepidean. Lehena salatzeko elkarretaratze jendetsua egin zuten enpresa parean batzordeak deituta eta bigarrenean Arabako Foru Aldundiaren erantzukizuna dela salatu dute.
IRUÑEA
Berriobeitiko Norton Saint Gobainko batzordeak lan ezbehar asko eta asko prekarietatearen ondorio direla salatu zuen lantokiko ate nagusiaren parean egindako elkarretaratzean. Izan ere, lantokiko lagun bat asteazkenean hil zela salatzeko bildu ziren bertan ehun pertsonatik gora batzordeak deituta eta LAB, ELA, ESK, CGT eta EILASen elkartasunarekin. Era berean, lanuzteak ere egin zituzten eta langileen%100ek hartu zuten parte.
Enpresa-batzordeak elkarretaratzean irakurritako adierazpenean lan istripuaren gaineko ikerketan parte hartzeko eskakizuna egin zuen eta bi eratako erantzukizunak daudela argitu zuen. «Guztiek dugu erantzukizuna, baina erantzukizun desberdinak daude, desberdina da enpresaburuena edota langileena», argitu zuen.
Era berean, Jose Iñigo Blancoren heriotza eragin zuten arrazoiak nabarmendu zituen: «Osasuna gaizki zaindu izana, arrisku psikosozialen ebaluaketarik egin ez izana eta Lan Arriskuen Prebentzio Legea bete ez izana». Langilea bihotzekoak jota hil zen asteazkenean eta LABek salatu zuenaren arabera, zerikusia izan zuen bederatzi egun jarraian egiten zuen hamaika orduko lanaldiak.
Atzo, gainera, lan istripu bat izan zen Basauriko Arcelor Distribucion Norte enpresan, lehenagoko Laminados Velascon, eta LABek argitutakoaren arabera, istripuaren ondorioz gazte batek atzapar bat galdu zuen.
Gogoratu behar da joan den asteazkenean ere Araban, Armiñonen, beste bi langile hil zirela, N-1 errepidean lanean ari zirela auto batek harrapatuta. Bi langileek Accionak azpikontratatutako Encofrados Ansoteguirentzat egiten zuten lan. Halaber, Arabako Foru Aldundiak azpikontratatu zituen langile horiek errepideko egokitzapen lanetarako.
ELAk salatu zuenez, «erakundeek eta patronalak» ez dute ezer egiten arazoa konpontzeko eta «azpikontratazioa, prekarietatea eta segurtasun neurrien gabezia» jo zituen erruduntzat. Sindikatuko idazkari nagusi Jose Elorrietak lanean gertatzen diren ezbeharrak «neurri zehatzak» hartuz ekiditen direla esan zuen ETBn, eta ez «komunikabideetan bakarrik eragiten duten eta izen arranditsua duten» plan estrategikoekin. Hain zuzen ere, horrexegatik ez da izan ELA Lakuako Lan Segurtasuneko 2007-2011 Plan Estrategikoetarako bileretan.
«Intentzio onen» plana da
R.C.
IRUÑEA Gasteizko Gobernuaren Lan Segurtasuneko 2007-2011 Plan Estrategikoak lan ezbeharren arazoa konpontzeko ez duela balio uste du Batasunak. Bere ustez, plana «intentzio onen» dokumentua besterik ez da, eta ez da nahikoa «ehun heriotzatik gora ditugun honetan». Dokumentuaren «tonu generikoa» ere aipatu zuen: «Ezbehar kopurua jaisteko ehuneko zehatz batzuk ematen ditu, baina ez du esaten nola egingo duten». Batasunak, gainera, Araban asteazkenean izandako bi heriotzak salatu zituen eta Arabako Foru Aldundiak duen erantzukizuna nabarmendu. Hildakoak etorkinak izaki, «lan baldintza okerrenak horiek» jasaten dituztela esan zuen.
|