GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-10-27
Iñaki Lasa - Kontseiluko Ildo Politiko-instituzionalaren arduraduna
Kopiatu beharreko hizkuntza-politika

Azkenaldi honetan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikaren Sailburuordetzaren aldetik benetako zaparrada mediatikoa bizi izan dugu. Komenigarritzat jotzen dut orain esandako batzuk baloratzea, desegokiak izateaz gainera, iraganeko erroreak errepi- katzeko arriskua oso hurbil ikusten dudalako.

EAEko Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren ustez, «helburua elebitasuna da», are gehia- go: «bi hizkuntzen arteko elkarbizitza baketsu, orekatu eta aberasgarria eraikitzea». Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako arduradunek guk bezain ongi dakite hori ez dela posible. Elebitasun soziala fenomeno pasakorra da, inoiz ere ez iraunkorra; kasu guztietan hizkuntza indartsuak ahula jango du. Euskararen normalizazioa gidatu behar eta ahal duen helburu bakarra euskal hiztunez osaturiko gizarte eleanitza lortzea da.

Elebitasunaren aldarrikapena, nahiz eta adjektibo erakargarri asko jarri atzean, desegokia izateaz gainera, guztiz ezinezkoa da. Hizkuntzek espazioak behar dituzte oso-osorik garatu ahal izateko; hori dela eta, egon badaude estatu elebidunak, eta eleaniztunak, baina kasu horietan hizkuntza bakoitzak espazio propioa du, gizarte elebidunik ez dago. «Borondatea, arian-arian, emeki-emeki». Horiexek dira Baztarrika- ren hitz eta esamolde begikoak normalizazioaren erritmoa moteltzeko; euskarak, ordea, sobera ez duena denbora da. Orain arteko erritmoek ez dute normalizazioa ekarriko; normalizazio prozesua ongi doala esatea, mila aldiz errepikatuta ere, gezur galanta da.

EAEko Hizkuntza Politikako Sailburuordetza, 25 urte pasatu ondoren, orain ohartu da lan mundua euskalduntzea funtsezkoa dela euskararen normalizaziorako. Zeregin horretan lehenago ere diru inbertsioak egin dituztela esango digute, baina errealitatea da euskalgintzak neke handiz sortu eta bultzatutako proiektuak diru eskasez hornitu besterik ez duela egin; sindikatuekin, haietako batzuek bederen maiz eskatu arren, ez dela elkarlanik egon, gaur egun oraindik ere ez dagoela plan estrategikorik lan mundua euskalduntzeko. Errealitatea da orain arte euskalgintzak egiten zuen lanaren kopia hutsa, egundoko asmakizuna bailitzan, aurkezten digutela; errealitatea da enpresa bakar batek euskalduntzen gastatzen zuena (izena ez dut aipatuko) Eusko Jaurlaritzak EAEko enpresa guztientzat inbertitzen zuena baino askoz gehiago zela.

Euskararen beharretatik abiatu beharrean lidergokeriaren ikuspegitik abiatzen direnez, arrakasta handiz garatu den Bai Euskarari Ziurtagiria baztertu, desprestigiatu eta bikoizteko saioa egingo dutela iragarri dute. Hori bai, EAEko Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako arduradunak Nafarroa Oinezera joan eta nafar gizarajooi esango digute Euskal Herrirako hizkuntza-politikarik ez dela egiten Nafarroako Gobernuak ez duelako nahi. Euskal Herri osoan hedatuta dagoen Bai Euskarari Ziurtagiria baztertzea da, dudarik gabe, Euskal Herriak behar duen hizkuntza-politika.

Goenagak, Baztarrikak eta lehenagokoek ere Kontseiluaren eskua izan dute luzatua elkarlanerako, baina zeregina lapurtzen diegulakoan nahiago izan dute, iraganean bezala, herri ekimenaren kontra jo. EAEko Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak kalitatezko ziurtagiria nahi omen du, euskarak aurrera egiteko. Espero dut Administrazioko sail eta unitate guztiei eskatuko diela ziurtagiria eskuratzea eta horrek errotik aldatuko dituela orain arte Administrazioa euskalduntzeko erabili diren plangintzen emaitzak. Helburuak bete ez direnez, helburuak murriztu eta kito, horixe da kalitatezko gestiogintza eta bitartean herritarron hizkuntza-eskubideak urraturik utzi. Euskara Biziberritzeko Planaren aplikazioaren ebaluatze-berririk ba al du inork? Ertzaintzaren euskalduntzearen ebaluaziorik ezagutzen al du inork? Eta hori planik baldin badago, zeren eta Osakidetzaren Plana ezagutzeko 20 urtez egon behar izan baitugu zain.

Orain Elebide, EAEko herritarren hizkuntza-eskubideak «bermatu» nahi dituzte zerbitzu horren bitartez. Baina noiztik behar du Administrazio batek zerbitzu bat eskubideak bermatzeko? Horre- tarako, politika egin behar du, urraketa sistematikoa epe onargarrian bukatuko duen hizkuntza- politika abiatu behar du, orain artekoak ez baitu hori lortu. Administrazioak ez luke onartu beharko etorkizunean hizkuntza-eskubideen urraketa ekar dezakeen inolako erabakirik eta, hala ere, etengabe hartu eta sustatzen ditu. Ikus dezagun hainbat adibide:

Osakidetzak euskara ez dakien ehunka profesional kontratatuko ditu abendutik aurrera: nola bermatuko dituzte profesional horiek gure eskubideak? Zer egingo du Elebidek gure eskubideak bermatzeko osasun arloan? Ertzaintzak ertzain erdaldunak kontratatu ditu: berriro ere eramango al dute herritarrik atxilotuta bere eskubideak eskatzeagatik? Atutxa jaunaren epaiketan Joseba Egibarrek euskaraz deklaratu nahi eta ezin izan zuenean, eskubideak urratu zizkion epaileak berriro ere beste herritar baten eskubideak urratzen baditu, zer egingo du Elebidek? Ezer ez. Besteak beste, ezin duelako, ez baitu tresna juridikorik horretarako, EAEko Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak azken urteotan gidatu duen alderdiak ez duelako normalizazioa erraztuko lukeen corpus juridiko egokirik sortu nahi. Horren ordez, euskararen legearen egokitasuna aldarrikatzen digute. Nola izan liteke lege egokia euskalduna babes juridikorik gabe uzten duena?

Baina goazen harago, orain arte arlo publikoaz bakarrik hitz egin dugu eta. Zer egingo du Elebidek enpresa batek etiketak gaztelania hutsean bakarrik ez argitaratzeko, edo zinema aretoetan gaztelaniazko filmak soilik ez eskaintzeaz aparte paisaia, txartelak eta, oro har, zerbitzua gaztelania hutsez ez emateko? Edo euskarari lekurik eskaintzen ez dioten hedabideekin? Ezer ez. Ez baitago tresna juridikorik. Elebide sortzearen arrazoia Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren salaketa ozena, etengabea, kalitatezkoa eta prestigiozkoa isilaraztea da. Eusko Jaurlaritzak lidergoa nahi du. Har ezazue, bada. Bada ordua behin betikoz lidergoa har dezazuen Administrazio bati dagokion gisan: politika eginez, eskubideak errealki babestuz eta horiek urra ez daitezen tresna juridikoak lortuz.

Hala ere, «asko egin dugu, egin behar zena egin dugu», autokritikarako tarterik ez du EAEko Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak, baina, atzera begiratzen dugunean, zinez esan behar dugu gehiago egin zitekeela, hobeki egin zitekeela eta, batez ere, lehiarik gabe, elkarlanean eta Euskalgintzarekiko konplizitatez egin zitekeela. Zoritxarrez, ez dute ezer ikasi, iraganeko hizkuntza-politikari gaurkotasuna ematen diote konfrontazioa sustatuz.

Berriki Baztarrika jauna bera ere Euskalgintza dela aldarrikatzen entzun dugu. Mundu aldrebes honetan Lan sailburua Sindikalgintza dela esaten entzun beharko dugu. Bada, ez, jauna, Hizkuntza Politikako Sailburuordetza Administrazioa da eta Administrazioari dagokiona egin dezazuen irrikan gaude: Plan estrategiko ausartak, horiek betetzen direla ziurtatzeko tresnak jarri, corpus juridiko egokia, neurri zehatzak gure eskolak euskaldundu dezan, hedabideetan euskarak aurrera egin dezan legeztatu, Administrazioa euskaldundu, etab. Izan ere, ideia falta baduzue, guk badugu zakukada bat bete-betea kopiatua izateko prest. Hona hemen aurrerapentxoa:

Euskararen normalizazioak beste hizkuntza-politika bat behar du. Toki Administraziotik Administrazio Nagusirainokoa, sektore eta sail artekoa, helburu eta epe zehatzak dituena, baliabidez ongi hornitua, gizabanakoak eta espazioak euskalduntzeari begira arituko dena, hizkuntza-eskubideen bermea eskainiko duena, Euskal Herri osoan aplikatzekoa, ikuspegi osoa duena, instituzioekin eta gizarte eragileekin egoki koordinatua eta erabilera sozial normalizatua helburu duena.

Kopia itzazue, mesedez, ideia horiek. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La ofensiva aliada se enfanga en Kandahar
Jendartea
Nagusilan busca voluntariado dedicado al acompañamiento de mayores solos
Euskal Herria
Hernando confirma que en los registros buscaban «pruebas»
Euskal Herria
Iragi absolbitua, De Juana epaitu behar duten zio beragatik
Euskal Herria
«No podrán acallar este movimiento», afirma Etxaburu antes de ser detenido
Ekonomia
El Grupo Santander logra un beneficio récord de 4.947 millones hasta setiembre
Mundua
Bush autoriza reforzar el muro en la frontera
Kultura
Euskaraz azpidatzitako zazpi film luze eta hamahiru labur, Beldurrezko Astean
Kirolak
La Real destituye a José Mari Bakero
Kirolak
La ronda francesa volverá a hablar en euskara
Mundua
Decenas de civiles mueren en un ataque de la OTAN en Afganistán
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss