Hondakinen kudeaketa Euskal Herrian
Ustekabean Sarrikotapeak baiezkoa eman dio zabortegiari
Asteazken arratsean Sarrikotapeko udalbatzak eginiko ezohiko bilkuran, hondakinak sailkatzeko eta lurperatzeko zentroa eraikitzeko azterketak jarraitzeari baiezkoa eman zioten. Sei boz izan ziren alde, lau kontra eta abstentzio bat. Hala, herriko auzapez Hubert Lagaronne-k herriko udalaren sostengua jaso zuen. 130 pertsona bildu ziren udalbatzaren erantzunaren zain, eta ateratzean zinegotziei eraso zieten.
SARRIKOTAPEA
Tentsioa nabaria zen asteazken arratsean Sarrikotapeko herriko etxearen aurrean. 130 pertsona inguru bildu ziren Bil ta Garbik herrian eraiki nahi duen hondakinak sailkatzeko eta lurperatzeko zentroaren kontra protesta egiteko. Udal kontseiluaren erabakiak ustekabean hartu zituen kanpoan zain zeuden pertsonak, eta bozketaren ondoren zinegotziak herriko etxetik kanpora atera zirenean, biztanleek hitzez eta fisikoki eraso zieten. Hala ere, Hubert Lagaronne auzapezak udalbatzaren erabakiak herrian giroa lasaituko duela espero du. Aldi berean, biztanleria ziurtatzeko batzorde bat sortuko duela adierazi zuen asteazken arratsean Lagaronne-k.200 biztanle dituen Zuberoako herriak Bil ta Garbik kudeatzen duen Ipar Euskal Herriko ekialdeko herrien hondakinak hartuko ditu, egitasmoak aurrera egiten badu. Sarrikotapeko auzapezak, Bil ta Garbiren hitzak errepikatuz, herrian barnealdeko hondakinak bakarrik kudeatuko dituztela adierazten badu ere, egitasmoari aurre egiteko sortu duten Terre Verte elkarteak ez du hori sinesten, eta behin eta berriz barnealdea ez dela kostaldeko zakarrontzia adierazi dute. Gaiari lotuta, adierazpen hauek egin zituen udalbatzatik atera ondoren Herriko Etxeko zinegotzi eta, aldi berean, Terre Verte-ko kide Mixel Bidartek: «Hemen ukango ditugu denen hondakinak, kostaldekoak ere ziurrenik. Ezetz erraten dute, baina ez dugu batere konfiantzarik». Herriaren konfiantza berreskuratzeko eta gori-gorian dagoen giroa baretzeko, Hubert Lagaronne auzapezak Informazio eta Ziurtasun Herri Batzordea osatuko duela jakinarazi zuen udalbatzatik ateratzean. Batzordearen bitartez, informazioa eta gardentasuna ziurtatu nahi dizkio biztanleriari. Aldi berean, udalbatzaren erabakiarekin oso pozik agertu zen. «Lasaitasuna ematen du eta herria ere lasaitzea espero dut», adierazi zuen. Izan ere, herriaren konfiantza berreskuratzea nahitaezkoa izango du auzapezak, 2007 urtean izango diren udal-hauteskundeetan irabazi nahi badu. Mixel Bidartek bere hautagaitzaren berri eman zuen asteazken arratsean bertan: «Afera oraindik ez da bukatu, eta tinko segituko dut hurrengo hauteskundeetan. Hemen segituko dut ahalik eta gauza gehiena lortzeko; dirua inporta zait, herriaren dirua». Azterketa garaian dago egun egitasmoa, eta oraindik bi urte falta dira proiektua osoki egiteko. Mixel Bidartek ondoko adierazpenak egin zituen udalbatzatik atera ondoren: «Hala ere, egitasmoa oraindik ez dago egina; azterketak egin behar dira eta egitasmoa aurkezten dutenean zentroaren bideragarritasunaren gaia aztertuko dugu». Bestetik, auzapezak adierazi zuen Bil ta Garbiko azterketa taldearekin elkarlanean arituko dela herriaren eskaerak egitasmoaren parte izan daitezen, eta herriarentzat ahalik eta abantaila handiena lortzeko. Udalbatzaren erabakiak ustekabean harrapatu du jende guztia. Izan ere, ezohiko bilkura herriko hamaika hautetsietatik seik eskatu baitzuten. Aldi berean, 200 biztanleko herrian 130 pertsona inguru protesta egitera joan ziren. Boterean dagoen taldeak zazpi hautetsi ditu udal kontseiluan; horietatik lauk alde bozkatu zuten eta beste bat abstenitu egin zen. Auzapezaren taldeko seigarren zinegotziak kontra bozkatu zuen, bere etxea eta lurrak zentroaren kokagunearen ondoan baitira. Oposizioko taldean hiruk kontra bozkatu zuten eta Ochobitogaray zinegotziak, alde.
Azterketek presiorik gabe jarraituko dute aurrera
I. E.
HIRIBURU «Sarrikotapeko Herriko Etxeak azterketak jarraitzearen kontra bozkatzen badu ere, guk aurrera segituko dugu», adierazi zuen Bil ta Garbiko presidente Alain Iriartek joan den asteartean eman zuen prentsaurrekoan. Sarrikotapeko udalbatzaren baiezkoak egitasmoa lasaiago garatzea ekarriko du, nahiz eta ezezkoak ez lukeen judizialki inongo oztoporik ekarriko azterketak egiten jarraitzeko. Bil ta Garbik Ipar Euskal Herriko hondakinak kudeatzeko plana aurkeztu zuenean adierazi zuen inolako zentrorik ez zutela ezarriko kokagune izateko aukeratutako lurreko Herriko Etxeak onartu ezean. Sarrikotapean ere erabaki hori beteko dutela adierazi zuen Alain Iriartek, baina egungo egoerari buruz hitz egiteko adierazi zuen: «Ezin da ezezkoa eman oraindik egin gabe dagoen egitasmo bati». Aldi berean, proiektua garatzeko herriak lagun dezala eskatu zuen: «Osatzen ari garen egitasmoan Udalaren eskaerak ere agertu behar dira, eta behin eginda dagoenean, bozkatu». Zuberoako herri elkargoa azterketen alde agertu
da
Sarrikotapea barne hartzen duen Zuberoako herri elkargoa azterketak jarraitzearen alde agertu da. Urriaren 24an Bil ta Garbik eman zuen prentsaurrekoan, hondakinen kudeaketaz arduratzen den sindikatuko presidenteorde eta, aldi berean, Zuberoako herri elkargoko presidente Dominique Bosq azterketak jarraitzearekin ados agertu zen. Sarrikotapeko auzapezari sostengu guztia eman zion, eta Terre Verte elkartea bultzatzen ari den «boikot eta desinformazio kanpaina» salatu zuen. Ardurak hartzeko garaia dela ere adierazi zuen Bosq-ek. -
|