VILLABONA
Besterik ezean, Errebote plaza bilakatu dute Onddo gazte asanbladako kideek gaztetxe. Bertan daude joan den astelehenean Urdanpilleta etxea utzi zutenetik. Egunean egunekoa erabakitzen dutela eta datozen egunetan zer egingo duten ez dakitela adierazi dute; halere, gaztetxea sortu zenetik aurrera eraman duten dinamikari eusteko asmo irmoa erakutsi dute.Ez da euren etxea utzi behar izan duten lehen aldia. Oraindik ez dira bi urte pasatu etxebizitzak egin behar zituztela-eta lehen zuten gaztetxea utzi behar izan zutenetik. Orduan erabaki zuten aspaldidanik hutsik zegoen Urdanpilleta etxea okupatzea. Bazekiten hura ez zela Onddoren behin betiko egoitza izango, bertan haurtzaindegi bat egiteko proiektu bat baitzegoen.
Hain justu ere, haurtzaindegiaren lanak hasi direlako utzi behar izan dute orain artean beren egoitza izan dena. «Gu ez gaude haurtzaindegiaren aurka, horregatik erabaki dugu etxetik irtetea. Haurtzaindegia beharrezko ikusten dugu, baina gaztetxea ere bai», adierazi dute.
Arazoa gainera etorri gabe, Udalarekin harremanak hasi zituzten, etxea utzi aurretik eurentzat irtenbide bat bilatzeko asmoz, baina Udala «azpijokoan» aritu dela kritikatu dute. «Etxea uztearen truke bost alternatiba eskaini zizkiguten, baina eskaini aurretik ere bazekiten horietako bat bera ere ez genuela onartuko», azaldu dute.
Moduak ere ez zaizkie egoki iruditu. «Etxez etxe bando bat zabaldu zuten, baztertu genituen alternatibak izendatu eta azkenean zera erantsi zuten: ‘bakoitzak atera ditzala bere ondorioak’. Nolabait herriaren aurrean kapritxoso gisa aurkeztu nahi izan gaituzte eta guk arrazoi sendoak ditugu erabaki hori hartzeko». Euren esanetan, oinarrizkoa da gaztetxea ekintza ezberdinak garatu ahal izateko egokia izatea, berehalakoa izatea eta herrian bertan egotea. «Euren proposamenek ez zituzten balditza horiek betetzen».
Onddoko kideek herriko haurtzaindegi zaharra proposatu zioten alternatiba gisa Udalari. «Eraikina, izatez, Gipuzkoako Aldundiarena da, baina Udalak gestionatu du azken urteetan eta, beraz, gure ustez, zerbait egiteko modua izango luke. Baina Aldundiarena den kontu horren atzean babesten da ezer ez egiteko».
Ados jarri ez direnez gero, Urdapilleta etxean pilatutako materialak, altzariak... gordetzeko tokirik gabe geratu dira orain kalean; batzuk Udalaren parean antolatutako kanpaldian dituzte, beste asko euren etxeetan gorde dituzte, eta beste batzuk Urdanpilleta etxean uztea beste erremediorik ez dute izan.
Euren dinamikari eusteko gogoa, ordea, eurekin dutela gogorarazi dute eta aurrerantzean, batean edo bestean, orain arte bezala euren ekintzak burutzen jarraituko dutela aitortu dute. Gaur bertan kontzertua izango da plazan Aluaren Algara taldearekin.
«Herriko hainbat talde ere kale gorrian geratu
dira»
Onddo gazte asanbladako kideena ez ezik, gaztetxea herriko hainbat talderen bilera toki zen eta orain, gazte asanbladako kideak bezalaxe, kalean dira. Haurrek ere sumatuko dute hutsunea. «Gela batean haurrentzako txoko bat genuen jarria, eta orain gaztetxearen atzean txabola bat egiten ari ziren. Horiek ere jolastokirik gabe utzi dituzte», diote. -