Udalbiltza berrantolatzea aztergai izango dute aurtengo Nazio Eztabaidan
Udalbiltzako lehendakari Loren Arkotxak eta Nazio Eztabaida Guneko bozeramaile Jagoba Zuluetak azken hiru urteetan bi eragileen artean izandako elkarlana goraipatu zuten, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraitzeko, bi eragileen artean egindako hitzarmena berretsi zuten. Udalbiltza berrantolatzearen eta nazio auzolanaren gaineko proposamenek igandean eztabaidatuko duten Nazio Planean duten garrantzia elkarlan horren ondoriotzat jo zuten.
DONOSTIA
Loren Arkotxak, Udalbiltzako lehendakariak, 2005ean Udalbiltzaren eta Nazio Garapenerako Biltzarraren artean egindako hitzarmen estrategikoa berretsi zuen atzo.Udalbiltzako lehendakariak, Nazio Eztabaida Guneko bozeramaile Jagoba Zuluetarekin batera egindako prentsaurrekoan, azken hiru urteetan bi eragileen artean izandako elkarlana goraipatu zuen. Gainera, aurrerantzean ere bide beretik jarraitzeko konprimosoari heldu zioten. Elkarkidetza horrek asteburuan Burlatan egingo duten Nazio Eztabaidan isla izango duela gehitu zuen Arkotxak. Batetik, iaz egindako Nazio Eztabaidak euskal herritarren eskubideen urraketen gaineko txostena egiteko eskatu zion Udalbiltzari, eta eskaera hori aintzat hartuta, igandean, Udalbiltzak txosten hori aurkeztuko duela esan zuen. Bestetik, aurtengo Nazio Eztabaidan eztabaidatuko duten Nazio Planeko egitasmo nagusiak aipatu zituzten. Lehenengoa Euskal Herriko udal hautetsi guztiak bilduko dituen nazio instituzioa berrantolatzean datza. Bigarrenak, Euskal Herriak «beharrezkoa duen herrigintza» sustatu eta bultzatzeko xedez antolatu nahi duten nazio auzolana aztertuko du. Nazio Eztabaida Guneko bozeramaileak Udalbiltzaren «egoera zatitua» dela aipatu zuen. Nazio Eztabaida Guneak alde guztiekin lan egiteko borondatea izan badu ere, «tamalez ezinezkoa» izan dela azaldu zuen. Zuluetaren aburuz, «egun zatiketa horretarako aitzakirik ez dagoenean», Udalbiltza berrantolatzea bideratzeko proposamen zehatza egingo dutela azaldu zuen. Udalbiltzako lehendakariak Nazio Eztabaida bera Udalbiltzaren gogoeta batetik abiatu zela oroitarazi zuen, eta Nazio Eztabaidaren lehenengo deialdia ere Udalbiltzako hautetsien eskutik etorri zela adierazi zuen. Hiru urteren ostean, Nazio Eztabaida Guneak izandako garapena «oso positibotzat» jo zuen Loren Arkotxak, eta adibidetzat, 2005eko Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa eta iaz onartutako Nazio Plana aipatu zituen besteren artean. Zuluetak, duela hiru urte egin bezala, atzo ere Nazio Eztabaidaren beharra berretsi zuen. «Gure herriaren biziraupena eta garapena ziurtatu ahal izateko, ditugun behar nagusien inguruan euskal herritarrok modu nazional eta demokratikoan eztabaidatu behar dugu», azaldu zuen. «Talde bakoitzak duen estrategia edo proiektuez harago, herri gisa Euskal Herriak bizi duen egoerari nola aurre egin eztabaidatu eta hitzartzeko gunea» da Nazio Eztabaida Gunea Zuluetaren esanetan, eta hori beharrezkoa dela nabarmendu zuen. Bukatzeko, bai Udalbiltzak baita Nazio Eztabaida Guneak ere, euskal herritar orori bihar arratsaldean Burlatan egingo dituzten lantegi irekietan edota herri eragileen azokan parte hartzeko deia egin zioten.
Eskubideak babesteko lana nabarmenduko du Batasunak
Gari MUJIKA
DONOSTIA Marije Fullaondo eta Eusebio Lasa Batasuneko mahaikideek Burlatan asteburuan izango den hirugarren Nazio Eztabaidan parte hartzeko deia egin zieten herritarrei. Euskal Herriari buruz eta herri gisako eraikuntzari buruz elkarlanean garatu beharreko ibilbidea aztertuko dute bertako mintegietan. Gainera, mahaikideen esanetan, aurtengo edizioak garrantzi berezia du prozesu demokratiko bat hasteko aukera irekia baitago egungo egoera politikoan. Batasunaren ustez, gai garrantzitsuak izango dira eztabaidatzeko Burlatan, asteburuan. Guztiak ere prozesu demokratiko bat hasteko oinarri politikoari buruzkoak, gainera: estatuek eraso egitean herritarren eskubideen defentsa antolatzea; Udalbiltza nazio insti-tuzioa berrantolatzea; eta azkenik, Oinarriz- ko Hitzarmen Demokratikoaren etorkizunari buruzko gogoeta eta eztabaida. Indar independentistak herritarrei bertan parte hartzeko deia egin zien, eta, gainera, bertako eztabaidetan indarra non jarriko duten eta zer jarrera hartuko duten jakinarazi zuen. Batasunaren ekarpen guztiak prozesu demokratikoa hasteko bidean sartuko dira. Honako hauek izango dira, Donostiako agerraldian jakinarazi zutenez: Euskal Herriaren aitortza politikoa; euskal herritarren erabakitzeko eskubidea errespetatzea; lurraldeak batzeko bidean, instituzionalizazio propioaren gaineko prozesua garatzea; eta, azkenik, euskal herritarren eskubideak erres- petatu, antolatu eta bermatu Estatu espainolak eta frantsesak eraso egiten dutenean. Igandeko Nazio Eztabaidan, gainera iaz lehenbiziko hobetsi zuten Nazio Planaren karietara, «beste urtebeterako beste nazio plan bat osatuko dute», eta hori egitea «oso garrantzitsua» dela nabarmendu zuen Batasunak.
|