DONOSTIA
Miel Mindegia apusturako prest dago. Gaur, Tolosako Kantabriko tabernan izango da, 20.00etan, ea norbait agertzen zaion eta apusturen bat egiten duen.
Mindegia prest dago edozeini, Nazabal eta Larretxea kenduta, apustu hau jokatzeko. Hogei kana-erdikotara izango litzateke, eta abenduaren erdia baino lehen jokatzeko. Bera 12.000 euro bitarte dirutan jokatzeko prest legoke.
Askok desafio hau Olasagastiri zuzendutako zerbait dela ulertu dute. Hark jokatu baitu azkenaldian apusturik gehien. Urte honetan bertan, Lasaren eta Otañoren aurka ere jokatu zuen.
Hala ere, hark joateko asmorik ez du agertu. «Nik beste prestakuntza bat daramat. Udaberrian apustua jokatu nuen, eta udan erakustaldi asko izan ditut. Gero, Euskal Herrikoa prestatu nahi izan dut, eta orain ez daukat beste apustu batean sartzeko asmorik», esan zuen Olasagastik joan den igandean Tolosan jokatu zen Euskal Herriko finalaren ostean. Hala ere, zaleek ez dute baztertzen Olasagasti animatuko ez denik.
Mindegiak 57 urte ditu, baina oraindik ere onenen artean jarraitzen du. Euskal Herriko Txapelketei utzita baldin badago ere,Nafarroakoan jarraitzen du, bai eta Urrezko Aizkoran ere.
Guztietan erakusten du sasoiko dagoela. Azkeneko urte hauetan txapel ugari janzten jarraitzen du. Urrezko Aizkora binaka irabazi zuen Senosiainekin batera. Nafarroako txapela ere bereganatu zuen, baita Urrezko Aizkolaririk azkarrenaren sariketa ere. Horrelako apustu bat egiteko eta jokatzeko prest baldin badago, ongi dagoen seinale da.