DONOSTIA
Lakuntzan jokatuko dute etzi Nafarroako Lehenengo Mailako finala, 13.00etan. Euskal Herriko finalean bezalaxe, hemen ere ez da izango Floren Nazabal. Etxarrikoak gerriko arazoak izaten jarraitzen du, eta oraindik ez dago aizkoran aritzeko moduan.
Juanjo Lopezek beteko du Nazabalen lekua. Hura izan zen Nafarroako kanporaketan seigarren, eta finalean aritzeko parada izango du. Horrekin batera, Larretxea, Mindegia, Barberena eta Vicente ere arituko dira. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko ditu. Euskal Herriko finalean baino bi oinbiko gutxiago izango dira.
Nazabalen kasua bitxia da, Etxarrikoak iaz ere ezin izan baitzuen bere herrialdeko finala jokatu, eta orduan ere arazoak gerrian zituen. Bigarren urtez jarraian galduko du Nafarroako finala.
Donato Larretxea: Txapela janzteko faborito nagusia da, horretan ez dago zalantzarik. Nazabalen faltan, bakarrik geratu da. Arantzakoa, gainera, sasoi betean dago. Hilabetean bi txapel jantzi ditu. Lehenengoa Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Ligan izan zen; eta bigarrena, berriz, joan den igandean, EuskalHerrikoa eraman baitzuen etxera. Tolosako finalean, gainera, erabat nagusitu zen. Horrek ere iaz ezin izan zuen herrialdeko finala jokatu, eta aurten ez du galdu nahiko.
Miel Mindegia: Gaur egungo txapelduna da. Ez da ahaztu behar, ordea, iaz ez zirela ez Nazabal ez eta Larretxea ere. Horrek badu, ordea, abantaila bat. Final hau prestatzeko parada izan du nahi bezala, eta joan den asteko finalean aritu ez zenez, atsedena ere handiagoa izango du. Larretxeari aurre egin diezaiokeen bakarra dela dirudi.
Joxe Joan Barberena: Berueteko aizkolariak hirugarren postuaren lehian sartu beharko luke. Joan den igandean Tolosako finalean izan zen bigarren aizkolaria da. Han, ordea, gerrian min hartu zuen, eta ikusgai dago nola dagoen igandeko saiorako. Ongi baldin badago, postu horrek berea izan beharko du.
Daniel Vicente: Otsagabikoak azkeneko postutik ihes egitea izango du estreinako helburua, eta gero, hortik gora joatea. Azkenaldian gora egin duen aizkolaria da, eta Nafarroako finaletan ohiko bihurtzen ari den aizkolaria da. Bere maila eman nahiko du.
Juanjo Lopez: Azken orduan sartu da Nafarroako finalean Nazabal ordezkatuz, eta sailkapeneko azkeneko postutik ihes egitea izango du helburua. Lan horretan Vicente izango du erreferentzietako bat. Hala ere, aizkolariak sasoiko dagoela erakutsi du azkenaldian. Euskal Herriko Bigarren Mailako finalean bigarren izan zen, eta hor ere LehenMailara igotzea lortu du. Nafarroakoan ere ahaleginduko da zerbait egiten.