- Idi-probak
Uztarririk onenak lehiatuko dira Gernikako probetan
DONOSTIA
Uztarririk onenak izango dira igandetik aurrera, Gernikako idi-proba ospetsuetan. Bi asteburuko ekinaldiak izango dira, gainera. Lehendabiziko hau luzea da; izan ere, asteazkena jai da, eta hori ere harrapatuko dute, guztira 25 idi pare izango baitira.
Etzi, 17.00etan hasita, Larrazabalen, Olidenen eta Leteren idiak neurtuko dira. Astelehenean, ordu berean, Ixamaren, Garroren, Tio Legarretaren eta Mendiperen idiak izango dira. Asteartean, 21.00etan, Illarretaren bi uztarri eta Alegriarenak izango dira. Asteazkenean, 17.00etan, Akuleti taldearen, Iketzaren eta Motxoren idiak izango dira. Gero, ostiralera bitarte atseden hartuko dute.
Bakion, berriz, Lea-Artibaiko sei idi pare onenak neurtuko dira bihar 17.00etan eta 22.00etan jokatuko dituzten bi ekinalditan. Bartarako hauek sailkatu dira: Intxortaren, Mendiperen, Iketzaren, Txertudiren eta Anitxu-Artadialderen idiak.
Zaldi-mandoetan, Kortezubin izango dira saioak. Gaur, 21.00etan, Alegriaren, Garmendiaren eta Kobaren abereak neurtuko dira. Bihar, azkeneko eguna, ordu berean, Gernikaren, Elorduiren eta Alegriaren abereak lehiatuko dira aurreko egunean egindako markak apurtu nahian.
|