Floren Aoiz
Zapuzketaren sardana
Catalunyako Parlamentuak Estatutu proposamena onetsi zuelarik, batek baino gehiagok esan zidan eredu horretatik ikasi behar genuela euskaldunok. Bazegoen, batzuen aldetik bederen, ondorio zehatzak ateratzeko asmoa: catalanek lortu dute posibilistak direlako, paktatzen badakitelako, eta espainiar estatuarekiko borroka zuzenaren bidea baztertu dutelako. Aholkuak jaso eta aztertu behar omen zituen, bereziki, ezker abertzaleak, han, PPk ez ezik beste guziek, PSCk barne, naziotasunaren onarpena ontzat hartzen zutelako. Hemen, berriz, ezker abertzalearen «maximalismoa» zen zailtasun guzien iturburua, eta aurrerapenak galarazten zituena. Gerora, Estatutua Madrilera iritsi zen, eta han kirurgia estetikoa ez ezik transplante ugari ere egin zioten. Finean, beste Estatutua zen PSOEk eta CIUk hitzartutakoa, ondotik erreferendumera eraman zutena. Emaitzak ez ditugu ahantzi, eta joan den igandean ikasi dugu krisialdia ez dela itxi, hau da, badela Catalunyan gertatu denaz poztu ez den jende asko. Espainiar Estatuarekiko menpekotasuna berritu zuen nazio nortasuna baieztatu behar zuen testuak, eta bidean, zapuzketa zabaldu zen sektore batzuengan. Zapuzketaren arrastoak kausitzen ditut nik hauteskundeetako emaitzetan. Ez diot erreparatzen, hau esatean, Boadellaren eta bere bandako beste bufoien agerpenari. PSCk elikatu du españolismoa hainbat jendarte esparrutan, eta hor daude emaitzak. Nire kezka beste batzuengan dago. Uste dut jende frankok itzuri egin diola politikagintza ofizialari azkenengo hilabeteetan ikusitakoak nazkatuta. Ia eragile guziek frogatu dute beste edonorekin paktatzeko gai direla, baita segituan itunak hautsi eta besteekin joateko ere. Estatutua hitzartu zuen gobernukide batek oposizio talde nagusiarekin, eta kontra agertu zen beste gobernukide bat, gobernutik bota zutena, eta erreferendumean estatutuarekin bat egin ez zuena. Orain, alta, PSCrekin batera gobernatzeko prest omen dago ERC, nahiz eta hurrengo gobernuaren lehen erronka gaitzesten duen marko politikoa kudeatzea izanen den. Nork bere ereduak nahi duen moduan hautatzen ditu, baina ni ez naiz Catalunyakoaz gelditzen. Asko ikasten ahal dugu hortik euskaldunok, jakina, gu ez baikara munduaren zilborra, baina batez ere hor dugu «antieredu» bat: inola ere egin beharko ez genukeena. -
|