Legebiltzarra kontrolekin konforme
Nor ez dute noizbait guardia zibilarenerrepide-kontrol batean geldiarazi? PSE-ko rodolfo aresen ustez, horietan «urduri jartzen denak berak jakingo duzergatik den». Bere iritzia eta PP-renanagusitu ziren atzo legebiltzarrean,baina hirukoaren isiltasunari esker.
Kalitate eskasekoa eta txerrikeria» izan zen PPko parlamentari Carlos Urquijoren iritziz, atzo Gasteizko Legebiltzarrean Ezker Abertzalea taldearen ekimenez eztabaidatu eta ezeztatu zuten proposamena: Guardia Zibilaren eta Polizia espainolaren errepide kontrolen desagerpena, eta Segurtasun Indar espainolak Euskal Herritik at joateko beharra bere egitea Legebiltzarrak. Proposamenak zioen legez, Guardia Zibilak alde egiteko
aldarrikapenarekin gizartearen gehiengoak bat egiten badu ere, Gasteizko hirukoa
osatzen duten alderdien abstentzioari esker Legebiltzarrak ez zuen proposamena
onartu. Eta hitza ere ez zuten hartu jarrera hori azaltzeko; aldiz, PPk eta PSEk
argi asko azaldu zuten Guardia Zibilari, Polizia espainolari eta Ertzaintzari
dieten begirunea, baita «esker ona ere», batik bat, «herritarren defentsarako
eta eskubideen bermerako egiten duten lanagatik». Ezker Abertzalea taldeak eta
Aralarrek soilik eman zuten aldeko boza. PPk eta PSEk, noski, aurkakoa.
Proposamen «paranoikoa»
Bi alderdi horietako ordezkariak, gainera, nor baino nor aritu ziren euren usteak azaltzeko orduan. Carlos Urquijo parlamentariak ez zuen aukera galdu ezbaian zegoen proposamena gutxiesteko eta, era berean, polizia eta militar espainolak goraipatzeko. Izan ere, Nekane Erauskin legebiltzarkide independentistaren esanak, PPko kidearen aburuz, «paranoiaren» ondorio dira, polizien errepide-kontrolei eta gainerako lanei esker bizi omen baikara euskal herritar guztiak are eta seguruago. Eskerrak, bederen, eman zizkien PPko bozkatzaile guztien izenean. «Urte askoan», gainera, Guardia Zibilak eta Polizia espainolak beren lanekin jarraitzea espero dute. Ezker Abertzalea taldeko parlamentariak, bestalde, gogora ekarri zuen joan den maiatzean Ane Auzmendi taldekide eta legebiltzarkidea Guardia Zibilak atxiki zuela, baita jarrera horren aurkako helegitea epaitegiek onartu dutela ere. Alta, Guardia Zibilaren errepide-kontrolak «zigorgabetasunezko guneak» direla nabarmendu zuen Erauskinek; eta horiek bi helburu nagusi dituzte bere esanetan: batetik, euskal herritarrak kontrolpean izatea eta, bestetik, euskal herritarren eskubideak ukatzen direlako adierazle bilakatzea. Hau da, Euskal Herriaren ukazioa «sinbolikoki» adieraztea. «Herri batek beste bat okupatzen duenean bezala da; Israelek palestinarrei ezartzen dizkien check-point horien parekoa», azaldu zuen Nekane Erauskinek. PPko eta PSEko parlamentarien esanetan, ordea, horiek tentelkerien pareko esanak besterik ez dira. Aldiz, EAJren, EAren eta EBren iritzia isiltasuna izan zen.
«Hemen jarraituko dute»
PSEko Rodolfo Ares parlamentariaren esanetan, «aipatu gabe utzi ezin daitez- keen gezurrak» azaltzen zituen eztabaidagai zen proposamenak. Guardia Zibila eta Polizia espainola gogor defendatu zituen hark, «Zuzenbide Estatua, demokrazia eta askatasuna defendatzen lan paregabea» egiten dutela- koan. Polizia-kontrolak herritarrak kontrolatzeko direla esatea «paranoia» besterik ez da Aresen esanetan. Gainera, polizia eta militar espainol horien lanari esker euskal herritar «guztion eskubideak bermatzen dira». Ez hori bakarrik; aurrerantzean ere «Euskadin» jarraituko dutela birritan nabarmendu zuen PSEko kideak. Ane Auzmendi parlamentariaren kasua, antza, balio gutxikoa iruditu zitzaien PPko eta PSEko parlamentariei, eta Rodolfo Aresek bere esperientzia pertsonala aipatu zuen kontrolen harira: «Ni polizi-kontrol ugaritan izan naiz, eta horiek seguruago sentiarazi naute. Urduri jartzen denak berak jakingo du zergatik den». Gainera, irtenbide bat eman zuen polizia-kontrolak murrizteko: ETA desagertzea. «Egunez egunekoak bakoitzaren erretratua egiten du»,esan zuen Aresek behin eta berriz. Kasik alderdi guztien jarrerak agerian gelditu ziren atzo; baina zein da hirukoarena? -
|