Dena prest Bergaran EHNAren saltokien gidarako
·Bai Euskal Herriari-k EHNAren erabilpenerako seigarren saltokien gida kaleratuko du herri honetan
BERGARA
EHNA erabiltzeko ohitura sortzeko eta sustatzeko helburuarekin, saltokien gida berria aurkeztuko du Bai Euskal Herriari herri ekimenak. Oraingoan Bergarak hartu du lekukoa. Datorren azaroaren 18an bertako kultur etxean eguerdiko 12.00tan egingo duten ekitaldi batean aurkeztuko dute Bergarako saltokien gida. EHNA onartu eta errespetatzen duten laurogei bat saltokiz osatutako bilduma da Bergaran aurkeztuko dutena eta jada 20 eragileren babesa jaso du, atzo egindako prentsaurrekoan jakinarazi zutenaren arabera. Babesleen artean, Batasuna, EA, Aralar, Zutik, ELA, LAB, ESK, EHNE eta CCOO eragileak daude, herriko hainbat musika talde edota elkarterekin batera. Gizarteak EHNA erabiltzeko ohitura eta erraztasuna izatea bultzatzea du helburua gida honek, baita nortasun agiri hau onartzen eta errespetatzen duten esparruak herritarrei jakinaraztea ere.
Seigarren alea jada
Azken hilabeteetan beste bost gida kaleratu ditu Bai Euskal Herriari herri ekimenak. Lehenengoak Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako saltokiak biltzen zituen. Ondorengoan, Urretxuko eta Zumarragako saltokien gida eta Arrasatekoa etorri ziren. Bizkaian Lea-Artibai eskualdeak ere badu bere gida propioa. Joan den hilean, aldiz, Ordiziako gida kaleratu zuten eta dagoeneko 6.000 ale baino gehiago banatu dituzte etxez etxe.
|