ELB eta EHNEk diote bost minutuz behin Euskal Herrian baserri bat ixten dela
Enpleguaren eta lurraren galerak dira, besteak beste, nekazaritzak egun jasaten dituen arazo larrienetakoak. EHNEk eta ELBk laborantza eredua errotik aldatu behar dela diote, arazo horiei eta besteei aurre egiteko eta Euskal Herriko laborantzaren etorkizuna bermatzeko. Produktibismotik aldenduta, elikadura subiranotasuna izan behar du ardatz.
BAIONA
Beren burua Lurrama erakustazokaren babesletzat hartuta, ELB eta EHNE sindikatuetako ordezkariek Euskal Herriko nekazaritzari buruzko gogoeta sakona bezain larria egin zuten, atzo, Baionan.Lehenik eta behin bi sindikatuek Euskal Herria nekazaritzatik eraikitzearen eta laborantza eredu berberaren alde kalitatezko elikagaiak ekoitziko dituena, ingurumena errespetatuko duena eta baserritik bizi direnei ogibide duina bermatuko diena egiten dutela adierazi zuten, eta «ekoizpen egiturak mantenduz, oinarrizko elikagaiak ziurtatzea herri baten bizitza-asegurua» dela nabarmendu zuten. Egungo egoeraren arazo nagusiak aipatu zituzten segidan. Horrela, nekazaritzan enplegua izugarri galtzen ari dela esan zuten:«Bost minututik behin baserri bat ixten da Euskal Herrian». Horrekin batera, azken urteetako produktibismoaren hedapenak gehiago ekoiztea ekarri duela azaldu zuten, eta hala, monokulturaren, ureztatze masiboaren eta transgenikoen erabilerak bultzatzen direla. Behi-esnegintzarekin gertatzen dena jarri zuten intentsifikazio eta jardueren kontzentrazioaren adibidetzat. Eredu horrekin baserritarrek egin behar duten inbertsio ekonomiko handiaren ondorioz, askok zor handiak dituztela nabarmendu zuten sindikatuetako ordezkariek. Hori guztia ekoizpenen prezioen beherakadaren eta landa-lurraren etengabeko galera joeraren barruan gertatzen dela gaineratu zuten.
Zazpi zutabe
Euskal nekazaritzari etorkizuna bermatzeko bide bakarra laborantza eredua errotik aldatzea da EHNEren eta ELBren ustez. Nekazaritza iraunkorraren ildoan, beraz, zazpi ardatz hartu behar dira kontuan haien esanetan: autonomia baserritarra bere erabakien jabe izatea; etxaldeak transmititzeko aukerak sustatzea; produkzio banaketa nekazaritza orekatua lortzeko;lana eta naturarekiko begirunea uztartzea; produkzioaren kalitatea bermatzea transformazio moldetan kontuan hartuz; tokiko garapenari lotzea eta, azkenik, barne kontsumoaren beharretara mugatutako ekoizpena, hala, garapen orekatuagoa ahalbidetzeko.
Nekazaritza politika berria, premiazkoa
M.A. BAIONA Laborarien bi sindikatuen esanetan, premiazkoa da egun indarrean dagoen eredu suntsitzailea baztertzea eta nekazaritza politika berria bideratzea. Politika horrek, beraz, gizarteari eta baserritarrei begirako «elkartasunezko politika» izan beharko luke bai Euskal Herrian eta bai Europar Batasunean ere. Barne-merkatua Elikadura subiranotasuna ardatz hartuta, barne beharrak aseko dituen ekoizpena da, EHNE eta ELBren ustez, jarraitu beharreko norabidea. Horretarako, Munduko Merkataritza Erakundeen (MME) eragin kaltegarritik alde egin beharko litzateke. Halaber, EBk inportazioak eteteko eta diruz lagundutako esportazioak desagertzeko neurriak jarri beharko lituzke, «hirugarren mundua deritzonari bideratutako esportazio politika suntsitzailea» gelditzeko. Beste neurrien artean, eredu produktibista alboratzea eta ekoizpena barne kontsumoari aurre egitera mugatzea proposatzen dute. Horrela, «ekoizpenen prezio justuak lortzea» posible izango delako uste osoa dute.
|