IRUÑEA
Aurtengo Juan Zelaia saria Xabier Agirre Urteagak irabazi du “Tolerantziaren gaineko hitz-aspertua” ikerketa «historiko-filosofiko interesgarriarengatik». Sari banaketa atzo izan zen Iruñean eta une oso aproposean gainera, hiriburua idazlez lepo baitago egun hauetan gaur amaituko den Galeusca idazleen topaketa dela-eta. Irabazleak agertu zuen moduan, tolerantziarena modan dagoen gaia da, baina berak ez zuen horregatik aukeratu, «historian zehar horrelako egoerak eman direlako eta oraindik ere baditugulako» baizik.
Tolerantzia eta erlijioa
«Aurreko mendeetan batez ere erlijioarengatik sortu dira tolerantzia arazoak. Tolerantzia hitza bera ere hortik sortu zen eta orain, XXI. mendeko Mendebaldeko gizarteetan batez ere, tolerantzia gero eta beharrezkoagoa dela uste dut», azaldu zuen Agirrek. «Beste garai batzuetako erlijio gerretara ez heltzeko ‘egia-gezurra’ eta ‘nik daukat arrazoia eta ez zuk’ betiko diskurtsoetatik ihes egin behar dugu eta horiei aurre egin behar diegu gainera», esan zuen ondoren egileak «iragarpenik» egin nahi gabe.
Funtsean, Agirrek tolerantziaren ikuspegi berria behar dugula adierazi zuen eta «lan txiki baina bihotz onez egindakoa» horretarako baliagarria izatea espero du. «Onena, lehen mementoan behintzat, guztiak elkarrekin bizi ahal izatea da eta gero konponduko ditugu gure desberdintasun filosofikoak, kulturalak edo dena delakoak», agertu zuen egileak.
Horiek hala, irabazleak 6.000 euro jasoko ditu eta bere lana Pamielak argitaratuko du, saria antolatzeko ardura seigarren urtez hartu duenak. Aurten hemezortzi lan aurkeztu dira eta honakoa agertu zuen Pamielako Jose Angel Irigaraik: «Lanen batez besteko maila nabarmendu behar da, kalitatezkoa, batzuei dagokioenez». Finalistak, ordea, lau izan ziren; irabazlea eta “Astrolabioa”, “Batailaren ondoko paisaia” eta “Hizkuntzak ere egiten gaitu”.
Zenbait lan arauak bete gabe iritsi ziren antolatzaileen eskuetara, esate baterako, karaktere kopurua errespetatu gabe edota CD edo disketerik gabe. Hala ere, lan horiek ere aintzat hartu dituzte epaimahaikoek, nahiz eta datorren urteko deialdirako «arauak betetzearena arretaz begiratzeko» eskatu zuten.
Era berean, Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioko lehendakariak, Joseba Intxaustik, iaz eta aurten lan asko jaso dituztela nabarmendu zuen eta aurtengoan, gainera, «kalitatez gora» egin duela gaineratu zuen.
«Saria hartzeko moduko lan bat baino gehiago izan dira aurtengo lehiaketan», ondorioztatu zuen Intxaustik.