Historiaren istorioa da Etxeberria anaien «Ez dadila eguzkia sartu»
Abentura erromantikoa abiatu zuen euskal selekzioak 1937ko udaberrian. Europako hainbat futbol zelaitan jokatu zituen partidak, errefuxiatutako haurrentzat dirua bildu, Euskal Herriak bizi zuen egoera ezagutarazi eta herrialde indartsuen laguntza lortzeko. Bidaia horren berri eman dute Martin eta Xabier Etxeberriak eleberrian, baina idatzi dutena ez da historia, istorioa baizik. Maitasun eta espioitza kontuak ere badira Elkarrek plazaratu duen kontakizun «bizi eta irakurterrazean».
DONOSTIA
Koadrila eta ikasketa berak dituzte Martin eta Xabier Etxeberria bikiek (Zarautz, 1974). Lehendabizikoak “Katiluaren ipurdia” eta “Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin” poema liburuak kaleratuak ditu; bigarrenak, “Egun denak ez dira berdin” eleberria. Halere, elkarrekin idatzi dituzte lan gehienak: haur eta gazteentzako ipuin ugari eta “Itxoidazu Cafe de Passy-n” nobela. Eskuz esku osatu dute “Ez dadila eguzkia sartu” ere, Joseba Jaka literatur bekaren laguntzaz. «Duela hamar bat urte hasi nintzen orain emazte dudanarekin ibiltzen, eta orduan ezagutu nuen haren familiako Kepa Areso, 36ko gerran euskal selekzioan jokatu zuen ordiziarra», ekarri zuen gogora Xabierrek prentsaurrekoan. Gutxi solastatzen omen zen futbolaria, baina mingaina astintzen zuenean abentura zirraragarriak kontatzen zituen. Hil zenean, Maitena Amundarain alargunak senarrak idatzitako memoriak eman zizkion Xabierri, pena ematen baitzion kaxoian alferrik galtzeak. «Material oso interesgarria zen, nobela idazteko modukoa. Ikuspegi pertsonalegia emateko arriskua zegoen, ordea, eta informazio gehiago bilatzea erabaki genuen. Joseba Gotzon kantariak euskal selekzioaren historiari buruzko liburu bat egina zuenez gero, harengana jo genuen», azaldu zuen. Abeslariaren laguntzaz osatu zuten kontakizuna. 1937ko apirilean hasten da istorioa, iparraldeko erasoarekin batera, eta Euskal Herriak gerra galdua duenean bukatzen da. Futbol taldeak Parisen jokatu zuen partida Gernika bonbardatu zuten egunaren bezperan. Europan barrena itzulia egin ondoren, Estatu frantseseko hiriburura itzuli zen, euskaldunek dagoeneko borroka galdua zutelarik. Baina etxeberriatarren istorioa ez da bandoen ingurukoa. Selekzioaren ekimena bera gustatu zitzaien anaiei, abentura erromantikoa iruditu baitzitzaien. «Ume errefuxiatuentzat dirua lortzeaz gain, Euskal Herriaren berri eman nahi zuten nazioartean. Egoera ezagutuz gero, Europako herrialde indartsuek lagundu egingo zutela pentsatzen zuten. Ez zen hala gertatu, baina ideia polita izan zen», erran zuen Xabierrek. Pertsonaiak ez dira zuri-beltzak. «Nahiz eta egoera gogorrak bizi eta ekimen garrantzitsuak gauzatu, pertsonak ziren eta kontraesanak zituzten. Konplexuak izateak ez du esan nahi, ordea, dena erlatiboa denik», ohartarazi zuen. Lanaren izenburua egokia iruditzen zaio Martini, arrats beheran gertatzen delako istorioa. Mutilei zalantza ugari sortzen zaie: «Zer ari gara galtza motzetan besteak gerran dauden bitartean? Izango dugu etxera itzultzeko aukerarik? Eta bueltatzen bagara, zer topatuko dugu?». Irakurleak hasieratik daki galtzaileak direla, nahiz eta partidak irabazi bakarrean egin zuten huts. «Eguzkia sartzen ari da, badator iluna, baina zeruak kolore ederrenak ere une horretan janzten ditu».
|