Estatu frantseseko abokatuak greban azaroaren 9 eta 16an
Estatu frantseseko abokatuek, Baionakoek barne, greba egingo dute azaroaren 9an eta 16an. Diru askirik ez duten pertsonei «epaile-laguntza» emateagatik Estatuak ordaintzen diena %15 gehitzeko eskatzen dute. Era berean, botere publikoak 2000. urtean hitz emandako erreforma betetzeko galdegiten dute.
BAIONA
Abokatuen Elkargoko Dekanoen Batzar Nagusia irailaren 27an elkartu zen Parisen, eta aho batez grebara deitzea erabaki zuen. Atzo Baionako abokatuek egindako prentsaurrekoan, erabaki horrekin ados daudela azaldu zuten, eta greba deialdia jarraituko dutela esan.«Epaile-laguntza» deitzen duten zerbitzua modu egokian ordain dezatela eskatzeko egin dute greba deialdia. Hilabetean 884 euro baino gutxiago irabazten duen pertsona orok eskubidea du aukeratzen duen abokatuaren faktura Estatuak ordaintzeko. Arazoa da Estatuak ezarriak dituen prezioak balio errealaren oso behetik daudela. Abokatuek adierazi zuten gastuak ordaintzeko ere ez dela ailegatzen Estatuak ematen diena. Horren ondorioz, askotan abokatuek ez dituzte «epaile-laguntzaren» bitartez joaten diren bezeroak hartzen. Abokatuek nabarmendu zuten, ordainketa prezioak handitzearekin batera, sistema judizialean berean aldaketak bultzatu beharko liratekeela. 2000. urtean arazo beragatik greba egin zuten, eta orduan botere publikoak hartu zituen engaiamenduak betetzeko eskatzen diote bigarren deialdi horren bitartez.
|