- Futbola
Avironek eta Croises-ek aukera ederra dute
BAIONA
Avironek eta Croises-ek, Baionako bi taldeek, Kopan zerbait handia egiteko aukera ederra dute. Bi taldeak, ordea, ezin dira konparatu. Aviron talde profesionala da eta Croises amateurra, eta bien artean lau mailaren aldea dago.Avironek gaur 19.30ean Paue hartuko du. CFAn daude aurten zuri-urdinak; eta maila bat gorago, N1en, berriz, biarnesak. Biak iaz maila berean zeuden, baina Pauek Baionan 1-2 irabazi zuenez gero, Aviron lehen aldiz jaisteko postuetan sartu zen, eta amaieran maila galdu zuen. Hala eta guztiz ere, Avironi ongi datorkion taldea da Paue, gehienetan irabazi baitio, eta gaurko partidarako ere zuri-urdinak dira faborito nagusi. Izan ere, partida bakar batean erabakitzen baita kanporaketa. Horrezaz gainera, N1en eta CFAren artean dagoen aldea oso txikia da. Croises-ek ez du zorterik izan. Villenaveren aurka jokatu beharko du. Seigarren kanporaketan geratzen diren bi talderik apalenetakoak dira. Alde horretatik, ongi dago, baina kanpoan jokatu behar du, eta horrek gauzak zailtzen ditu, bientzat baita garrantzitsua aurrera joatea. Izan ere, hurrengo kanporaketan Lehen Mailako taldeak sartuko baitira. Norgehiagoka bihar jokatuko dute 14.30ean.
|