- Errugbia
Biarritzek galdu ezin duen partida dauka Agileran
·Montpellier izango du aurrean, eta sailkapeneko atzealdean dago
BAIONA
Oraingoz, Europa alde batera utzi du eta Ligari ekin beharko dio berriro ere Biarritzek. Garaipen eder bat lortzeko aukera paregabea dauka gaur, 18.30etik aurrera, Montpellierren aurka.Zuri-gorriak sailkapeneko laugarren postuan daude. Oraingoz, helburuen barruan dabiltza Ligako finalerdietan izatea ia ezinbestekoa baita zuri-gorrientzat. Lehen lau postuetan horretarako txartela ematen dute. Hala ere, joko aldetik ez dabil ongi. Etxean pasatzeko moduan dabil, baina Agileratik at jokatzen duenean puntuak oso erraz galtzen ditu, errazegi. Montpellier ere puntu premiekin helduko da Lapurdira. Sailkapeneko atzealdean dago taldea, eta hortik irten nahian dabil. Galtzeko ezer ez du, Biarritzen galtzea normala baita, baina irabazteko askorekin etorriko da taldea, eta partida horiek nahiko arriskutsuak izaten dira. Zuri-gorriek gaur irabazteak, gainera, mesede galanta egingo die Avirongoei, ustez Montpellier Avironen etsaia izango baita mailari eusteko borroka horretan. Oraingoz, ordea, eta zuri-urdinen jokoa ikusita, ez dirudi aurkaririk duenik, mailako talderik ahulena baita. Jokalariei dagokienez, Biarritzek gaurko partidan zelairatuko duen hamabostekoa zein izango den jakinarazi du. Honako jokalari hauek osatuko dute: Lealamanua, August, Avril, Dellope, Couzinet, Betsen, Dridi, Lievremont, Dupuy, Peyrelongue, Bobo, Cabanes, Lison, Bidabe eta Brusque. Aulkian, berriz, honako jokalari hauek geratuko dira: Noirot, Balan, Carpentier, Padro, Yachvili, Traille eta Dambielle. Harinordoki izango da zuri-gorrien artean hutsune nabarmenena. Yachvilik, berriz, gaur ez du hasieratik jokatuko.
|