ABk jardunaldiak egingo ditu hautetsi abertzaleek duten eragina aztertzeko
BAIONA
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan abertzaleak udal hauteskundeetan aurkezten hasi zirenetik hogei urte igaro dira, eta erakundeetan eta herrietan izan duen bilakaeraren eta eraginaren azterketa egitetik hasiko dira, abenduaren 2an, Abertzaleen Batasunak antolatu dituen udal-jardunaldietan. Edozein joera abertzaletako militanteei begirakoa da. Bada urtebete baino gehiago ABren ustez «hauteskunde garrantzitsuenak direnen» prestakuntza hasi zuenetik. Orduan, galdeketa mardula pasatu zien militante eta hautetsiei. Erantzunekin egindako bilduma aztertu zuten udan, eta, metodologia finkatu ostean, orain bigarren faseari ekingo diote, hots, aipatu udal-jardunaldiei. Angeluko Denen Etxean, 9.30etan, egoera, kokapen eta tamaina ezberdinetako herriko etxeetan lanean diharduten hamar hautetsiren lekukotasuna entzun ahal izango da. Horiek hala, gehiengoan edo oposizioan lanean ari direnak, herri elkargo batean parte hartzen duenak, herri txikiko edo hiri handiko hautetsiak beren eskarmentua azalduko diete bertaratzen direnei. Izan ere, jardunaldien lehen zati hori erabat irekia izango da. 11.30etan hasiko den bigarren zatia, berriz, barne lanetara bideratu da. Hiru gai aztertuko dituzte beste horren- beste mintegitan: jarduera politikoari buruzko ebaluaketa sistema batean nola adostu, hautetsi abertzale batek izan behar lukeen «bide-orria» eta, azkenik, Peio Etxeberri-Aintxarten esanetan «mamitsuena», hautu taktiko eta aliantzei buruzkoa. Ebazpenak bateratzeko saio bat eginda amaituko dira jardunaldiak 18.30ak aldera.
Beharrei aurre egiteko
Urrian hasi zituzten formazio-saioekin batera, mintegiok «oso baliagarri» izango direlakoan daude ABko hautetsiak, batez ere, abertzaleen eragina azkartzeko. Jakes Abeberrik adierazi zuenez, «mugimendu abertzalearen beharrari aurre egiteko» antolatu dira:«Abertzaleok herriaren kudeaketan presente izateko dugun gogoari, era antolatuan erantzutea da xedea. Nortasun eskakizunetik harago, beren eguneroko beharrei erantzuna emateko gauza garela ikusi behar dute herritarrek».
|