Nik espainolez gutxi dakit eta euskaraz azalduko ditut neure usteak.
Filologia karrera egin dugunok ez ezik, euskaltzale guztiak arduratuta daude Iruña-Veleiaren aurkikundeekin.
Arrazoiz esaten dute besteak beste Joaquín Gorrotxategik eta Henrike Knörrek «revolución» bat ekarriko dutela euska- raren historian. Jakina, egiazkoak baldin badira.
Textuak III edo IV gizaldikoak omen dira. Knörren ustez, ez dago aurkikundeen datak zalantzak ipintzeko oinarri sendorik.
Gauza bat dago garbi. Gorrotxategi, Lakarra, Larrea eta beste batzuen jokabidea oso zuzena da. Izenen etimologien esanahia azaltzeko oso zuhur jokatu behar bada, askoz gehiago horrelako aurkikundeekin.
Filologian jantzia dagoenak badaki, aurkikunde arazo hauetan hiru urrats egin behar direla:
1. Euskal testuak dauden zeramika puskak zehazki aztertu noizkoak diren.
2. Puska horien gainean dauden testuak berak noizkoak diren ongi aztertu.
Izan ere bi gauza oso bana dira, testuaren oinarria eta testua bera. Egungo egunean irakurri litezke 14garren gizaldiko elizetako hormetan egin berriak diren grafitoak.
Hipotesi posible da, Iruña-Veleiako zeramika zatiak testuak baino zaharragoak izatea.
3. Hirugarren urratsa. Testuen interpretazioa: grafia, egitura, esanahia...
Gorrotxategiren azterketa linguistikoak, beraz, zorrotzak izan arren, espekulazio hutsak geldituko dira, testuak III edo IV gizaldikoak badira. Testuak beranduagokoak badira, bere argumentuei kasu egin beharko zaie.
Dena dela, egiazkoak direnentz jakin baino lehenago testuak aztertzen hastea, nolabait ere etxea teilatutik egiten hastea bezala da.
Oso gutxi dakigu III eta IV gizaldietan euskara nolakoa zen eta latinak ze eragin zuen euskararen baitan. Henrike Knörrek ongi dioen bezala ez dago motibo handirik Jainkoa ren a horrekin harritzeko, orduko euskararen berri ez baitugu.
Gorrotxategi oso zuzen dabil esatean hizkuntzak eboluzionatu egiten direla. Ingelesaren ahoskatzeak, adibidez, 13. gizalditik 16. gizaldira izan zuen aldaketa oso ezaguna eta miretsia da.
Euskararekin, ordea, ez daukagu lekuko askorik jakiteko ze eboluzio jasan zuen Kristoren ondoko hurrengo gizaldietan.
Hauxe esan dezakegu: euskararen aldaketa 16. gizalditik honantz ez dela oso handia izan. Besteak beste Etxepare eta “Refranes y Sentencias de 1596” dira lekuko.
Iruña-Veleiako grafiei buruz berdintsu esan dezakegu. Ioshe ongi aztertzeko, orduko hotsak zein ziren eta hots horiek adierazteko garai hartan ze grafia erabiltzen zuten jakin beharko genuke. Ez bata eta ez bestea, arlo horiei buruz gauza handirik ez dakigu.
Eta uste izan dezakegu, laugarren gizaldian bertan Zuberoatik Arabara ahoskatze kontuetan alde seinalagarriak izango zirela.
Egungo egunean ere alde handia dago alor horretan zazpi probintzietan. Bizkaierak sinplifikatu egin du hagitz ahoskatzea. Iparraldean berriz, ni ibiltzen naizen Nafarroa Behereko baserrietan ph eta th... hasperenduak ere oso ongi ahoskatzen dituzte. Hegoaldean ia erabat galduak ditugu hots horiek.
Testuen egiatasunaz seguru egon arte, eztabaidek ez dute balio handiegirik izango. Hizkuntzalarien buru argitasuna erakutsiko dute, hori bai.
Zubialdeko marrazkiekin ere eztabaidak izan ziren. Ea animalien figurak ez ote ziren beste leizeetan agertu zirenak baino hobeak edo txarragoak. Eztabaida horiez ahaztuta gaude. Marrazki horiek gezurrezkoak zirela jakin genuenetik.
Iruña-Veleiako testuak benetan III edo IV gizaldikoak direla jakin eta gero hasiko gara funtsezko eztabaidan. Bitartean diskusio nahiko bizantinak izateko arriskutxoa badute. Utrum Adam umbilicum habuerit. -