Batasunak PFEZren erreforma gelditzeko lanerako deia egin die ezkerreko indarrei
·«Zerga sistemaren egitura aldatzen ari da, gero eta atzerakoiagoa da», esan du.
BILBO
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako diputazioek eta Nafarroako Gobernuak onartu berri duten PFEZren erreforma eta «bere atzean dagoen eredu neoliberal atzerakoia» gelditzeko asmoz, ezkerreko indar politiko, sozial eta sindikalei lan eta borroka bateratua antolatzeko deia egin die Batasunak. «Gure zerga sistemaren egitura aldatzen ari da, eta gero eta atzerakoiagoa da: zerga zuzenen pisu ekonomikoa gutxitzen ari da zeharkako pisua igotzen den heinean», adierazi du. Zera gaineratu du: «Ez da posible diru sarrera publikoak gutxitu eta, aldi berean, gastu mailari eustea». Nabarmendu duenez, «erreforma atzerakoi» horren atzean EAJ/EAk eta UPN-CDNk PSOErekin bat egin dute esparru publikoari indar ekonomiko eta soziala kentzeko, «eta gizarte desegituratu eta indibidualista baterantz joateko». Bestalde, PSEk salatu du Euskadin errenta altuek Estatuan baino murrizketa fiskal handiagoa dutela, eta EAJk eta PPk fiskalitatearen gaia «agenda politikotik» atera dutela adierazi du. Alderdi haiei so egin die UGTk ere: «Berriro ere lan errenten kaltea dakarren erreforma honetan eskuinak Euskadin bat egin du», nabarmendu du. Errenta altuen «onurarako» dela esan du Aralarrek eta «eskuinekoa eta atzerakoia» dela adierazi du EBk.
|