Herriari entzun eta AHT gelditzeko eskatu du Batasunak
GASTEIZ
«Hiprokresiak albo batera utzi eta herriaren borondatea errespetatu behar du, eta AHT berehala gelditu. Hori da Ibarretxe jaunak egin behar duena, herriari entzun eta haren erabakia errespetatu», horrela mintzatu da Batasuna.Joan den larunbatean Gasteizen egin zuten manifestazioari dagokionean, zera adierazi du: «Han bildutako jendetzak mezu garbia helarazi zuen, orain dela AHT gelditzeko garaia, alegia». Talde abertzalearen esanetan, Gasteizko mobilizazioak eta herrietan egiten ari diren herri kontsultek erakusten dute desinformazioaren eta inposizioaren bideak ez dutela balio. «Hori horrela, komunikabide publikoek hartu duten ildo desinformatzailea ere salatu nahi dugu. Herriak eta herritarrek benetako informazioa nahi dute, herritarren bizkar ezin baita inoizko azpiegitura erraldoiena eraiki», adierazi du. Batasunak, halaber, AHTren lanak gelditzeko mobilizazioaren premia aipatu du. «Kalera ateratzeko, gure oposizioa adierazteko garaia da, ez gaude prest nahi dutena egiten uzteko». Alde horretatik, igandean Ordizian egingo duten manifestazioarekin bat egin zuen talde abertzaleak. «Herritarron garaia da, gure iritzia eta kontrako jarrera adierazteko garaia».
|