600.000 euroko sendagai iruzurra atzeman dute
·Ipar Euskal Herriko sei sendagile eta botikari bat daude aferan sartuta
CPAMko (Lehen Mailako Eritasun Aseguru Kutxa) Baionako zuzendari Alain Broussek iruzur salaketa ezarri du hiriko epaile nagusiaren aurrean. Eritasun Aseguruak egiten dituen ohiko kontrolek botika berezi batzuk gehiegi kontsumitzen direla agerian utzi zuten.
BAIONA
Bost hilabeteko ikerketa egin dute Eritasun Aseguruko agenteek eta CPAMko sendagileek. Aktak ikertuta, errezeten banaketan eta botikarien zerbitzuan iruzurra izan dela egiaztatu du Gizarte Segurantzak. Hogei pazientek botika berezi eta garestiak jasotzeak harritu zituen CPAMko sendagileak, bertako zuzendari Alain Broussek jakinarazi duenez.
Medikuak agindutako sendagai antiretrobiralak (bereziki hiesa duten gaixoei ematen dietena) eta elikagarriak (janariaren ordezkoak, minbizia duten gaixoentzat erabiltzen direnak bereziki) ziren. Urtebeteko ikerketen ondoren, 600.000 euro balio duten milaka botika kutxaren arrastoari jarraitu diote Eritasun Aseguruko langileek. Galdetuak izan diren sei sendagileen erantzunak bildu eta gero, argi gelditu da botika horiek behar ez ziren kasuetan agindu zituztela medikuek. Horiek hala, kasu horietan bete beharreko protokoloa ez zuten bete. Izan ere, mota horretako botikak agintzeko, gaixoa artatzen ari den medikuarekin eta Eritasun Aseguruarekin ikusi behar dela araututa dago.
Sei sendagileetariko batzuek prozedura ez zutela bete aitortu badute ere, aspalditik ezagutzen zituzten gaixoen iruzurraren biktimak izan direla adierazi dute salaketa agertu ondoren.
CPAMko langileak harritu zituen beste datuetako bat honako hau izan zen: errezetak jasotzen zituzten hogei gaixoek botikak Baionako farmazia batean erosten zituzten. Duela hilabete batzuez geroztik, farmaziak errezeta ugari jaso zuen, eta batzuen balioa 1.000 eurora ailegatzen zen. Eritasun Aseguruko langileak, hainbeste botika behar izatearen zergatia ulertzeko, hogei pazienteak ikustera joan ziren, eta kasu ia guztietan, botikarik ez zutela eta non zeuden ezin zutela adierazi egiaztatu zuten.
Urriaren hastapenean, Estatu frantseseko Eritasun Aseguruak, CNAMk, 12 eta 20 milioi euro arteko nazioarteko iruzur bat ikertzen ari zela adierazi zuen. Baionako CPAMk ez du baieztatu nahi izan hiriko iruzurrak nazioarteko trafikoarekin loturarik duen.
|