Astigarragako Pagua Berri etxea indarrez hustu du Ertzaintzak
ASTIGARRAGA
Astigarragako Ergobia auzoan dagoen Pagua Berri etxea indarrez hustu zuen atzo Ertzaintzak. Astigarragako Udalak etxea husteko agindua emana zuen, eta azken asteotan bizilagunak beldurrez egon dira agindua noiz betearaziko zuten. 7.30ean iritsi zen Ertzaintza Pagua Berri etxera, eta une horretan etxean zegoen bizilagun bakarra ohetik atera zuten. «Ez dute inongo agindurik erakutsi; halakorik ez zutela esan digute, eta Astiagarragako Udalak ‘laguntza’ eskatu diela eta horregatik etorri direla esan digute ertzainek», adierazi zuten haserre. Behin bizilaguna kalera atera zutenean, ertzainekin batera etorritako langile talde batek etxea barrutik husteari eta «txikitzeari» ekin zion, bizilagunen esanetan. «Etxea barrutik erabat txikitu dute, ateak, leihoak, paretak... dena behera bota dute, badaezpada ere, berriz bueltatzeko modurik izan ez dezagun», kontatu zuten.Eraikineko etxebizitza bat okupatu dute azken asteotan, eta bertako bizilagunak etxean sartuta geratu ziren, handik ez zituztela botako esanez. Beste bizilagun bat Astigarragako udaletxeko arkupeetan protesta egiten ari da atzo ezkero, ohe eta guzti, «kale gorrian» utzi dutela adierazteko. Astigarrago Udala, berriz, prentsari ohar bat bidaltzekotan geratu zen atzo goizean, baina atzoko azken orduan, ohar hori iritsi gabe zegoen GARAra.
|