GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak 2006-11-23
- Kirol Eskalada
«Bizitzako ametsa» eskuratu du Usobiagak Munduko Koparekin
·«Lan eta sufrimendu guztiak merezi izan du», esan du eskalatzaile eibartarrak

EIBAR

Patxi Usobiaga itzuli da Eibarrera. Eta harekin batera, Kranjen (Eslobenia) asteburuan eskuratutako Kirol Eskaladaren Munduko Kopa. «Bizitzako ametsa izan da», eskalatzaileak berak atzo aitortu zuenez.

Bizitza osoko lana behar izan du lorpenak, oso gazte zela ­oraindik ere 26 urte besterik ez ditu­ egin baitzuen apustua Usobiagak; horren ondorioz azken hamar urteetako minutu bakoitza eskaladari eskaini dio. Une ederrez betetako hamarkada, baina sufrimendu ukitua ere izan du. Izan ere, eibartarrak zera aitortu zuen: «Urtean zehar egun askotan zaude gaizki, ipurdia altxatu ezinean. Orduan behar duzu benetako motibazioa».

«Zaila da ­jarraitu zuen­ horren atzetik dagoen lana eta sakrifizioa ikustea. Guztiek parte hartzen dute; babesleek, Kirolgik, Eusko Jaurlaritzak... baina azkenean neu naiz lan egin behar duena, baita miseriak pasatu behar dituena ere. Izan ere, egun batzuetan nire buruari guzti honek merezi duen galdetu izan diot... Eta, egia esan, bai, merezi du».

Ez da harritzekoa, lan guzti horrekin «ametsa gauzatu» baitu Usobiagak. Meritu handia duen lorpena da, kirol eskaladaren garapen ikusgarria eta lortu duen maila kontuan hartuta.

Urte gogorra

Urtea, gainera, ez da erraza izan. «Orain dela bi egun eskuratu arren, urtarrilaren lehenean irabazten hasi nintzela uste dut. Kirolari handi batek esaten zuen ­adierazi zuen, Miguel Indurain gogora ekarriz­ aurrekoa amaitu eta hurrengo egunean hasten zela Tourra irabazten. Ni ere urtarrilaren lehenenean hasi nintzen».

Izan ere, ez da gelditu azken unera arte, nahiz eta une txarrak pasatu. «Oso urte gogorra izan da. Nire helburua Munduko Kopa zen, eta ia amore eman nuen, oso gaizki hasi nintzelako; azkena izan nintzen Europako Txapelketan... Baina ez zen nahikoa izan desmotibatzeko. Chamonixen bigarren postua eskuratu nuen, Serre Chevalierren irabazi eta beroaldi horretan Txinara joan eta bigarren posturaino igo nintzen. Aurreko multzoan oso gertu geunden guztiok, baina ordurako nik lehen postua ikusten nuen soilik».

Azkeneko astea ere «oso zaila» izan da: «Izan ere, beldurra sartu zitzaidan hain gertu ikusita», baina azkenean, larunbatean, pozaren txanda heldu zen. Zoramenarena, hain zuzen ere;«Oihuka hasi nintzen», aitortu zuen bere lorpena oraindik asimilatu barik. «Bi egun besterik ez dira pasatu, bidaia... Kopak berak bakarrik adierazten dit irabazi dudala. Itzulerako bidaian ere, noizean behin ukitu egiten nuen, “nirea da” pentsatuz... Oraindik denbora behar dut asimilatzeko».

Helburu gehiago

Erronkak finkatzeko ere denbora beharko du. «Oraindik esnatu egin behar naiz, gero lokartu eta ametsetan hasiko naiz berriro», aitortu zuen eskalatzaile eibartarrak. Hala eta guztiz ere, eskuratutako tituluak ederki erakutsi dio ametsak ez direla lotan soilik edukitzen.

Gainerako lorpenak Munduko Koparekin konparatu ezin diren arren, Patxi Usobiagak hainbat helburu aurreratu zizkigun:Munduko Txapelketa ­txapeldunordea izan da bi aldiz­, Europakoa... «Titulu guztiak irabaztea nahiko nuke. Baina, batez ere, eskalatzen jarraitzea nahi dut, azken finean hori baita gustatzen zaidana. Tituluak, biak... horren ondorioa besterik ez dira», adierazi zuen. «Eskaladarekin disfrutatzen duen jendea ateratzea ere nahiko nuke. Izan ere, horregatik irabazi dudala uste dut, disfrutatu egiten dudalako. Azken finean, inor ez da makina bat, eta pasioa sentitu behar duzu egin beharreko lana ongi egiteko».

Epe luzeago baterako ere egin ditu planak Usobiagak. «Nire ametsa dakidan guztia erakustea izango litzateke, Euskal Herrian txapeldun asko sorrarazteko etoskizunean».



Erakunde eta herritarren eskerra

EIBAR

Patxi Usobiagak erakundeen eta babesleen laguntza eskertu zuen atzo; baita haien esker ona jaso ere.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eibarko Udalak eta Mendi Federazioak ordezkariak bidali zituzten Eibarrera, eskalatzaile eibartarrari merezitako ongietorria egiteko.

Eta guztiak ados jarri ziren: Kopa Patxi Usobiagak gazte­gazte zela egindako apustuari eta ordutik aurrera egindako lana osoari esker lortutako garaipen ederra da. Eibarko Kirol Klubak ere erakundeen eta Usobiagaren esker ona merezi izan zuen, haren alde ­eta, oro har, kirolaren alde­ egindako lanagatik.

Bestetik, Eibarko Kultur zinegotzi Mari Jose Telleriak aurreratu zuen Usobiagak Eibarko Udalak ematen duen sari nagusia ­Jorge Oteizaren «Txopitea eta bakea»­ jasoko duela: «Gure baloreak, profesionaltasuna, apaltasuna... kanpoan erakusteagatik».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Batasuna: «Justizia espainola egoeraren eta interes politikoen arabera aritzen dela ikusi da»
Euskal Herria
El tribunal y los peritos se unen para tratar de sostener la acusación contra «Egin»
Euskal Herria
Los huelguistas denuncian amenazas de la Guardia Civil en un control en la A-8
Jendartea
Inauguran Inbiobank, el primer banco de células madre adultas de Euskal Herria
Kultura
Lakua incoa expediente para proteger el santuario paleolítico de Praileaitz
Euskal Herria
Batasuna afirma que hay que cerrar la «etapa de la apuesta judicial y policial»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss