- Aizkora
Australiarrak beste aizkolari atzerritarren gainetik ikusi dira
·Antolatzaileak nahiko triste geratu dira Suitzako aizkolari gazteek emandako itxurarekin
DONOSTIA
Datorren larunbatean Azpeitian jokatuko dute nazioarteko aizkolarien lehiaketako finala. Torneo horri Munduko Txapelketa deitu nahi izan dio Egur Sport enpresak, antolatzaileak, eta Azpeitiko kiroldegian izango du amaiera.
Luixmari Bengoa da Egur Sport enpresako arduraduna, eta antolatzaile nagusia. Orain arte ikusitakoaren balantzea egin nahi izan dio GARAri: «Nik uste dut gauzak oso ongi doazela. Akaso jendearen aldetik ez da erantzunik onena izan, baina bestela gustura. Batekin eta bestearekin hitz eginda, jendeak iazkoa zuen gogoan. Donostiako zezen-plazan egin zen lehiaketa ez zen jendearen gustukoa izan, eta horren ordaina jaso dugu. Hala ere, urtez urte egiten joaten bagara, jendea konturatuko da lehiaketa ederra dela», esan zuen.
Hala ere, finalean jende gehiago izatea espero du: «Azpeitia inguruan badago girorik, eta jendea ari da gauzak galdetzen, eta hori seinale ona da. Australiarrek itxura ona eman dute, eta uste dut haiek ikusteko gogoa badagoela».
Kanpotik etorri diren aizkolariei buruz zera esan zuen: «Australiarrek sekulako maila eman dute. Reesek gazteetan txapela irabazi du, baita bere adinekoen aizkolaririk azkarrenaren saria ere. Coffey ere oso ongi dabil, lau probatan izango da finaletan, eta probarik gehienetan nagusitu zen finalerdietan. O’Toole izan da izar nagusia, final guztietan da, eta sekulako maila erakutsi du», aitortu zuen.
Batzuekin, ordea, ez da gustura geratu: «Suitzako gazteekin, hain zuzen. Bi saio egin eta etxera joan ziren. Oso maila eskasa eman zuten. Gero, kanadiarrarekin ere itxaropen gehiago nituen, baina ez da ibili nik uste bezala. Zeelanda Berrikoa ere ona da, baina oraindik oso gaztea da. Horiek gutxienez final batean izango dira. Estatu Batuetakoa bakarrik geratu da kanpoan», esan zuen.
Kanpoko aizkolarien jarrerarekin ere gustura zegoen: «Gehienek hemen hiru aste daramatzate, eta ez dugu inongo arazorik izan. Eurak gustura dabiltza gure artean, eta gu ere bai berekin. Jende ona da, hori da behintzat eman duten itxura».
Hala ere, atzerritar guztiak ez ditugu ikusi, orain arte aritu ez diren frantziar bat eta suitzar bat izango baitira finalean: «Itxaropen handiak ditugu. Lantegi hauetan oso ongi moldatzen dira, eta maila ona eman dezaketela uste dut», aitortu zuen Bengoak.
Proba gehienak atzerritarren mesedetarako direla esan dute hemengo aizkolari batzuek, eta hori berdindu beharko litzatekeela. Baina horren inguruan zera esan du antolatzaileak: «Egia da haiek lan motz hauetara daudela ohituta, baina hemen egiten ari garen lana Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Ligan egiten ari garen berbera da. Lehiaketa horretan euskaldunak bakarrik ari dira, beraz ez da berria inorentzat», esan zuen Luixmari Bengoak.
Finala bi saiotan banatuta zergatik izango den ere esan zuen Egur Sport enpresako arduradunak: «Bestela luzea izango zen, baina kanpotarrek horrela eskatu zuten, hori da arrazoi nagusia. Iazkoa ez zuten errepikatu nahi, eta dena segidan egitea luzea zela esaten zuten.Iaz lotsagarri aritu zirela, eta hori ez zela errepikatu behar esaten zuten, eta horregatik erabaki dugu arratsaldean saio bat eta gauean beste erdia egitea.
Hori guztia ikusi nahi duenak larunbat arratsaldean izango du aukera ederra Azpeitiko kiroldegian. Hain justu, 17.00etan eta 22.00etan hasiko dira bi ekinaldiak.Bestela, telebistaz ikusteko aukera izango da, ETB han izango baita guztia zuzenean eskaintzeko.
Finalerdietan lortutako puntuek ez dute finaleko saioetarako batere balio
DONOSTIA Komunikabide batzuek ateratako informazio okerrak erabateko nahasmena sortu du aizkolari eta zaleen artean, eta hori ere argitu nahi izan zuen Luixmari Bengoak. «Komunikabide bakar batzuetan agertu dira aizkolariek finalerdietan lortutako puntuak, eta badirudi nahasmen handia sortu dutela. Garbi utzi behar da puntu horiek saio haietarako bakarrik balio zutela, finalerako ez dutela inongo baliorik, bestela finala jokatzeak ez luke zentzurik. Beraz, finalean diren aizkolari guztiek punturik gabe hasi beharko dute. Hala ere, nik parte hartzen duten aizkolariei banatutako arautegian uste dut hori nahiko garbi agertzen dela», esan zuen. Finaleko saioak eta txapelduna nola izango diren ere askok ez dute garbi, eta hori ere argitu nahi izan zuen Egur Sport enpresako arduradunak: «Finalean sei proba izango dira, eta bakoitzean zortzina aizkolari izango dira. Finalerdietan sailkatu ziren seiak, eta finalera bakarrik datozen biak. Proba bakoitzak puntuazio bat izango du, eta proba guztietako puntuak batu eta punturik gehien lortzen dituen aizkolariak eramango du txapela», argitu zuen Bengoak. Hori bai, proba bakoitzak ez du txapeldunik izango, txapeldun bakarra izango da: «Hori bai. Finalerdietan proba bakoitza independentea zen, eta bakoitzean multzo bakoitzetik bina pasatzen ziren, baina finalean ez du proba bakoitzak txapeldunik izango, txapelduna bakarra izango da, saio guztiak kontuan hartuta punturik gehien batzen dituen aizkolaria izango baita», gaineratu zuen. Txapela lortzeko faboritoa O’Toole australiara da.
|