Alaitz Zabaleta - EHEko kidea
Zuzenketak. Urraketak aldarrikatu
Egun on, medikuarenera joateko ordua hartu nahi nuke», «Yo en euskera no entiendo». «Haurra euskaraz ikasteko matrikulatu nahi nuke», «Ce n’est pas possible». «Placencia de las Armas, St Jean de pie de Port»... Non ote daude herri horiek? Denok topatzen ditugu horrelako egoerak egunero. Batzuetan, egunaren bukaeran, nekatu egiten gaitu egoera honek, eta estrategia hori diseinatu duenaren nahian erortzen gara; etsi-etsian, zuzenean erdaraz galdetu eta isildu: «¿Tenéis un certificado de empadronamiento?». «Bai, eta euskaraz ere baditugu nahi izanez gero» (kaguen, euskalduna izaki!).Askotan, euskararen historiari begiratzen diogunean, ikuspegi ezkorrarekin egiten dugu; euskararen galeraren historia ikusteko joera dugu. Zergatik ez diogu, ordea, euskararen iraupenaren historiari erreparatzen? Bai, jasan dituen eraso guztien aurrean gaur arte bizirik iraun duen euskararen historia horri. Irakaspen handiak atera genitzake hortik. Hasteko, nor izan den hizkuntzari eutsi diona: euskaldunak. Euskal hiztunak. Herritarrak. Mendez mende jasandako erasoen gainetik euskara egun bizirik eta pauso berriak emateko moduan badago, hori herritarrei esker izan da: euskararen aurkako desprestigiatze saioen gainetik seme-alabei euskara erakusten jarraitu dutenei edo eskolan euskaraz egiteagatik zigortu arren kalean euskaraz bizi izan diren horiei esker. Ezin baitugu ahantzi, Euskal Herrian hizkuntza ordezkapen prozesu luze eta gogorra pairatu behar izan dugula. Gaur gaurkoz, hizkuntza zapalkuntza prozesu horren barnean bagaude ere, euskara bizirik da. Euskara osoki berreskuratzeko aukera presente dago. Aukera hori ez da noski estatu espainiar eta frantsesen bidetik etorri. Ezta bestelako instituzio edo hizkuntza politiken eskutik ere. Euskal Herrian euskaraz libre bizitzeko aukera zabalik baldin badago, hori bereziki herritarrok historian zehar gure hizkuntzaren defentsan erakutsitako jarrera, atxikimendu eta konpromisoari esker izan da. Azken urteetan ere hala izan da; herritarrak bildu eta herri mugimenduaren ekimenez sortu ziren ikastolak, gaueskolak, irratiak, aldizkariak, etab. Herritarrak izan dira, gehienetan instituzioen babesik gabe, euskara ikastera animatu direnak, administrazioak mila oztopo jarri arren seme-alabak euskaraz matrikulatu dituztenak, hizkuntza eskubideen alde mobilizatzen direnak, herri proiektu estrategikoak diruz laguntzeaz gain, horien antolakuntzan parte hartu dutenak... Azken batean, herritarrak, egunero, lan isilean, ikastetxe, herri, auzo, lantegi eta beste hamaika esparrutan izan dira euskararen normalizazio prozesuaren oinarri eta aktibo nagusia. 1979an sortu zen Euskal Herrian Euskaraz eta orduko egoera politiko berezian honako lelo hau aukeratu zuten: Euskararik gabe, Euskal Herririk ez. Aurten lelo hori berreskuratu dugu. Gaur egun, Euskal Herria esparru berri baten atarian dago. Agortuta dauden legediak eta hizkuntza politikak gainditze bidean jartzera goaz; Euskal Herria une politiko berezia bizitzen ari da, gure herriaren geroa argitzeko une oso garrantzitsu baten baikaude. Herriaren etorkizunaz ari garelarik, hizkuntzaren etorkizunaz bete-betean ari gara, herria eta hizkuntza elkarren beharra duten elementu banaezinak baitira. Euskararik gabe ez dago Euskal Herririk. Baina herririk gabe ere, euskarak ez du etorkizunik izango. Izan ere, hizkuntza gatazka gatazka politikoaren ondorioetako bat da. Une honen garrantziaz jabetu eta arduraz jokatuz, euskaltzaleok indar berezia egin behar dugu euskararentzat jauzi kualitatibo zein kuantitatiboa ekarri behar duen aldaketa sozio- politikoa bultzatzeko. Datozen urteetan ere, Euskal Herri osoan euskararen aurkako erasoak eten eta benetako ofizialtasuna lortzearen bidean, herritarrak, euskaldunak, izanen gara (beharko dugu izan) euskalduntzearen motorea. Arestian aipatu bezala, euskarari gaur arte eutsi diogu. Hemendik aurrera ere eutsiko diogu, baina horretarako ezinbestekoa da eguneroko bizitza euskaraz egin ahal izatea. Esparruz esparru, euskaraz bizi ahal izateko beharrezkoa den lana eta borroka eginen dugu. Eremu askotan ikus dezakegu oraindik lan handia dagoela egiteko: epaitegietan, ikastetxeetan, udaletan, enpresetan, osasun etxeetan, kalean... baita errepideetan ere. Herritarrok esparru horien guztien euskalduntzean jokatzen dugun papera handia da. Gure hizkuntza eskubideak urratzen dituzten aldiro euskara aldarrikatuz, pausoz pauso euskaraz bizi ahal izateko ate berriak irekiz, gure bidean seinaleak euskaldunduz. Euskaldunak milaka gara. Milaka horiek egunerokoan euskararen defentsan aktibo izan behar dugu. Euskal Herria euskalduntzeak eguneroko erronka kolektibo eta pertsonala izan behar du. «Je ne comprends pas», «¿Si tú sabes castellano qué te cuesta rellenar el impreso en castellano?»... Denok topatzen ditugu horrelako egoerak egunero. Euskarari jartzen dizkioten mugak dira. Gure eskubidea eta ondorengoekiko betebeharra da horiek haustea. Euskararen iraupenaren atalean beste atal bat idatz dezagun, egunez egun, euskararen ofizialtasuna praktikan gauzatuz, bakoitzak bere inguruan dituen aukeren arabera, behar denean auzola- nean bilduz. Eguneroko praktikaren bitartez eta ekimen kolektiboei hauspoa emanez, Euskal Herri euskaldunerantz urrats sendoak emateko ordua da. -
|