GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-12-13
Igor Elortzaren ondorengotza
·Bizkaiko Bertsolari Txapelketan tentsio berezia sumatu dute finalistek eta zapatuan lehia polita izango dela uste dute

Igor Elortza Bizkaiko azken irabazleari lekukoa hartzeko prest agertu ziren atzo Arkaitz Estiballes, Fredi Paia, Onintza Enbeita, Igor Muniategi, Etxahun Lekue, Ibon Ajuria, Iratxe Ibarra eta Xabier Paia. Leporaino betetako Euskalduna Jauregiko areto nagusian arituko dira zortzi gazteak larunbatean, ikusmira handia sortu duen saioan. Izan ere, lehiatik at gelditzeko erabakiarekin, txapelerainoko bidea zabal-zabalik utzi dute Unai Iturriagak eta Igor Elortzak.

DURANGO

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak prentsaren aurrean azaldu ziren atzo Durangon. Guztiak pozik, Euskalduna Jauregirako txartela eskuratua dutelako eta «inoiz baino hurbilago» ikusten dutelako txapela, Arkaitz Estiballesek nabarmendu zuenez.

Iragan urriaren 8an abiatu zen norgehiagoka Zamudioko kiroldegian. Honezkero, beren buruari jarritako helburuetako batzuk bete dituzte finalera iristearekin, EtxahunLekuek agertu zuenez.

Guztien ahoetan dago Euskalduna Jauregian jokatuko dutena saio berezia izango dela. «IgorElortzak eta Unai Iturriagak erreleboa eman digute, gure gain utzi dute ardura. Goi-mailako bertsolariak dira eta gazteontzat ateak zabalik utzi dituzte. Inoiz baino hurbilago ikusten dugu txapela», nabarmendu zuen Estiballesek.

Bertsolariek esan zutenez,Elortza eta Iturriaga lehiaketatik kanpo egoteak «tentsioa» erantsi die kanporaketei eta finalaurrekoei. Fredi Paiak aitortu zuen «presio estra bat» sentitu duela aurtengo Bizkaiko Txapelketan. Hala ere, Bilboko Euskalduna Jauregian oso maila ona ikusiko dela uste du Algortako bertsolariak. «Ziur nago batzuek oraindik bala asko dituztela errekamaran gordeta», esan zuen.

Onintza Enbeitaren lehenengo finala da hau eta horregatik, «ilusio berezia» du larunbateko hitzorduari begira. Bereziki poztu da Euskalduna Jauregirako sarrerak agortuta daudela jakin duenean, «horrek esan nahi duelako jendea gogotsu dabilela».

Bi neska

Txapelaren bila doan nesketako bat da bera. Bestea Iratxe Ibarra da. Azken horrek seigarrenez lortu du Bizkaiko final batean aritzea. «Taldeko zaharrena eta beteranoena» bezala aurkeztu zuen bere burua kazetarien aurrean. Finalean lehia handia izango dela uste du Ibarrak, «edonork jantzi dezakeelako txapela».

Xabier Paiari indar berezia eman dio bertsozaleen txaloak jasotzeak. «Batzuek faboritotzat hartu naute eta hori da niretzat benetako saria», aipatu zuen. «Plazetan ez dudala huts egin esan nahi du», ondorioztatu zuen Paiak.

Paia anaiak, Etxahun Lekue eta Arkaitz Estiballes astero elkartu dira Larrabetzun saioak prestatzeko. Fredi Paiak eta Arkaitz Estiballesek, gainera, pare bat bertso afari hitzartu dituzte elkarrekin jendaurrekoan sakontzeko.

Igor Muniategik Jon Lopategi betiko irakaslearekin entrenatzen jarraitu du. Hark jartzen dizkio kantatzeko gaiak.

Ibarrak eskualdeko lagunekin prestatu du bere kantaera. Gainera, bizkaiera lantzen jardun da Xabier Paiarekin.

Santutxuko BertsoEskolaren jarduera aberasgarri izan zaie Ibon Ajuriari eta Arkaitz Estiballesi. Onintza Enbeita lagunartean kantatzen ibili da «burua martxan edukitzeko txa- pelketari begira, mementoan arrankatu ezinik ez egoteko».

Fredi Paia «hirugarren gazteena eta bigarren beteranoa» da. «Horrek sandwich egoera batean jartzen nau ­esan zuen atzo­, askotan ez dakidalako jendeak hirugarren gazteenaren rola betetzea espero duen edo bigarren beteranoaren rola jokatzea». Klixeak alde batera uztea oso zaila dela azaldu zuen, saiatu egin delako, arrakasta gutxi lortuta.

Etxahun Lekuek bakarkakoari ekin dio bereziki, «nahiko estu» ikusi duelako bere burua batzuetan.



Bizkaieraz kantatzea da euren erronka
I.L.
DURANGO

Onintza Enbeitak, Iratxe Ibarrak zein Xabier eta Fredi Paia anaiek bizkaieraz kantatu nahi dute larunbatean. Batzuek denbora daramate egiten, baina «bizkaierarik jatorrena» erakutsi nahian esfortzu berezia egin dute Bizkaiko Txapelketarako. Xabier Paiak argi adierazi du: «Final hau Bizkaiko bertsolaritzaren tontorra baldin bada, bizkaieraren presentzia ezinbestekoa da».

Arkaitz Estiballesek, aldiz, hautua egin du batueraz kantatzeko. Eguneroko bizitzan eta bertsotan ere, tokiaren arabera, bizkaieraz aritzen da, baina Euskaldunako agerraldirako batueraz kantatzen ikusten du bere burua. «Arratiarrak kenduta, gehienek ohitura dugu batueraz kantatzeko. Bertsotarako egitura jakin batzuk ditugu buruan eta gogorra egiten da hori aldatzea», azaldu zuen Fredi Paiak. Bizkaieraz kantatzeko erabakia hartu badu ere, final honi begira egindako beharraren emaitzak aurrerago ikusiko direla uste du.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Su abogado halla a De Juana alimentado de nuevo a la fuerza y con varias sondas
Mundua
Setenta muertos en un nuevo y brutal atentado-suicida en el centro de Bagdad
Kirolak
«Irujori irabazteko misterio handirik ez dago; dena ongi egin behar da»
Jendartea
Nuevo problema en Garoña con el combustible nuclear
Euskal Herria
Jornada de movilización el día 20 ante el colapso del proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss