«Ez da musik» liburuak 90eko hamarkadan egin elkarrizketak biltzen ditu
·Menane Otsandabaratzek Irulegiko irratian egin emankizunen transkripzioa da
BAIONA
Xanpun, Daniel Landart, Jamattitt Dirassar, Piarres Charritton eta Marijane Minaberri dira Menane Otsandabaratzek Irulegiko irratiko “Ez da musik” emankizunean elkarrizketatu pertsonen artean izenburu bera duen liburuan ezartzeko aukeratu dituenak. Hamabi dira orotara liburuan agertzen diren elkarrizketak, baina aukeraketa ez da erraza izan. Hautaketa lana horrela azaltzen du Otsandabaratzek: «Nahas-mahas bat egin dugu leku ezberdinak eta eremu ezberdinak liburuan ezartzeko».Ipar Euskal Herriko gizartean, politikan, kiroletan eta kulturan garrantzia izan duten berrehun bat pertsona gonbidatu zituen Otsandabaratzek 1992. eta 1996. urteen artean. Astelehenero norbait gonbidatzen zuen beraiekin irrati uhinen bitartez kalakan aritzeko. Ordubeteko elkarrizketa horien bitartez, ezagunak ziren pertsona horiek hobeto ezagutzeko parada eskaintzen zion entzuleari. Idazleak Irulegiko Irratian egin lanaren nondik norakoak horrela azaltzen ditu: «Euskal Herrian jende anitz ezagunak dira beren arloan, baina usu ez dakigu non sortuak diren edo zein bizi izan duten. Justuki nahi nuen jende ezagun horiek hobeto ezagutzea oren batez zuzenean goxoki mintzatuz». Liburuari eta irrati emankizunari izena eman zion jokoan bezala, beti galdera berak egiten zituen emankizunean Menane Otsandabaratzek: «Galdera berak ziren, orduko galderak ziren, garai hartako gizartearen araberakoak ziren galderak. Galdera orokorrak ziren, denetarik bazen: politikari buruzkoak, gizarteari buruzkoak; teknologia berriei buruzkoak ere baziren». “Ez da musik” programako galderen erantzunek elkarrizketatuaren ikuspegi berezia eskaintzen zuten: «Erantzunekin nahas-mahasean elkarrizketa burutzean, gonbidatua nor zen jakiten zen», azaldu du irrati esatari eta idazleak.
|