Opera izango dute lagun umeek Barañainen
·Barañain Auditorioak «Operari ekin» udalekuak antolatu ditu Eguberrietarako
Eguberrietako oporrei benetako zukua atera nahi dieten umeek aukera berezia izango dute Barañain Auditorioan. Bigarren urtez, «Operari ekin» udalekuak antolatu ditu abenduaren 26tik urtarrilaren 5a bitartean, eta bertan txikiak «Enperadorearen jantzi berria» antzezteko prestatuko dira.
BARAÑAIN
“Operari ekin” zikloak iaz izandako arrakasta ikusita, aurten ere horri heltzea erabaki du Barañain Auditorioak. Zikloa lau eta hamasei urte bitarteko umeei zuzenduta dago, eta xedea txikiei «urrutikoa den opera generoa» gerturatzea da, Pablo Ramos Nafarroako Kamera Operaren kideak agertu zuenez. Udaleku berezi horrek abenduaren 26tik urtarrilaren 5a bitarte iraungo du. Aurten, “Enperadorearen jantzi berria” opera produkzioa hartu dute umeei artearen mundua ezagutarazteko. Obraren lehen emanaldia datorren abenduaren 29an izango da Nafarroako KameraOperak antolatuta. Ondoren, ume bakoitzak bere bidea hartu eta lana prestatuko du, eta urtarrilaren 4an, 18.00etan, Barañain Auditorioan berek antzeztuko dute. Horretarako, gaztetxoak hiru taldetan banatuko dituzte: arte plastikoen taldea, musikarena eta zinemarena. Arte plastikoen udalekuetan lau eta sei urte bitarteko 25 umerentzat dute tokia, eta Bitartean arte eta hezkuntza taldeak emango du. Musika udalekuak, berriz, sei eta hamabi urteko umeentzat izango dira, eta 100 lagunentzako tokia dute. Lau alor landuko dituzte hor Chopin Studioen eskutik: musika, hezkuntza fisikoa eta animazioa, dantza eta koreografia eta kantua eta abesbatza-entsegua. Azkenik, zinemara bideratutako zikloan, hamabi eta hamasei urteko umeak bilduko dira, gehienez ere hamabost, eta “Los Super 8” zinema eskolak emango dituzte. Barañain Auditorioko Fernando Saenz de Ugartek eskolak ematen dituztenen profesionaltasuna nabarmendu zuen. «Guztiak profesional finak dira eta eskarmentu handia dute. Kalitatea bermatzen dute irakasleek», agertu zuen. Izan ere, besteren artean, Movimiento Bolako MikelMikeok eta Nafarroako Kamera Operako koreografia arduradun Becky Siegelek emango dituzte eskolak. Zikloak 100 euro balio du, eta izena emateko epea abenduaren 22an amaituko da. Horretarako, Nafarroatik 012 Infolocal telefonora hots egin behar da; eta Nafarroa kanpotik deituta, berri, 948 21 70 12 zenbakira.
|