- Frantziako kopa -
Aurten ere Lehen Mailako talde bat izateko aukera indartu da Baionan
·Horretarako, ordea, larunbatean jokatuko duen kanporaketa gainditu beharra dauka
BAIONA
Lehen Mailako talderen bat aurten ere Baionan izango dela amesten hasita daude Avironeko eta Ipar Euskal Herriko zale guztiak. Izan ere, talde zuri-urdinak larunbatean Frantziako Kopako zortzigarren kanporaketa jokatuko du. Hori gaindituta, hurrengo kanporaketan lehen Mailakoren baten aurka jokatzeko aukera izango luke.Zuri-urdinek kanporaketa erraza dute, hori ematen du behintzat, Cournon izango baitute aurrez aurre, bi maila beherago dagoen taldea. Kanporaketa hauek partida bakar bate- ra jokatzen dira, eta Aviron etxean arituko denez gero, aurrera egin beharko luke. Bi mailako aldeaz gain, badago beste alde handi bat ere: Aviron talde profesionala da, eta Cournon, berriz, erabat amateurra. Hala ere, Avironeko Zuzendaritzak kontuz ibili behar dela esan du: «Kanporaketa partida bakar batera da, eta edozer gerta daiteke. Hauek ez dute ezer galtzeko, eta gogoa eta ilusoia, berriz, handia izango dute. Alde batetik, talde profesional bat menderatzea gauza handia litzateke, eta gero, Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko aukera izatea, hori sekulakoa da, eta horretan ahaleginduko dira», adierazi du JeanLaurent Estainouk, Avironeko Zuzendaritzako kideak. Zaleen artean dagoen baikortasun hori alde batera uzteko ere eskatzen dute: «Zaleek dena egina ikusten dute, baina partidak jokatu egin behar dira. Jendeak Lehen Mailako talde bat hemen izango dela segurutzat jotzen du, baina horretarako lehenengo larunbateko kanporaketa gainditu behar da, eta gero zozketaren zain egon.Gerta liteke Bigarren Mailako talderen baten aurka egokitzea, baita kanpoan jokatu behar izatea ere, beraz, lasaitasuna eskatzen dugu», esan du Estainouk. Avironentzat, Kopa garrantzitsua da, baina ez du Liga alde batetara utziko: «Guretzat Kopa garrantzitsua da, eta maila nagusiko talderen baten aurka jokatzeko aukera baldin badugu, hobe, horrek diru dezente ekarriko baitigu. Halere, ez dugu horrekin nahastu nahi. Gure erronka Liga da, eta helburua iaz galdutako N1 Maila berreskuratzea. Lehen postuan goaz, eta hori ere ez dugu ahaztu behar», esan du JeanLaurentek. Dena dela, Avironek gogoan dauka orain dela hiru urte gertatu zena: «Urte bikaina izan zen hura, eta askok esaten digu aurtengoak haren itxura duela. Orduan, Bigarren Mailako Niort etaLehen Mailako Guengamp eta Girondins utzi genituen bazterrean.Gero, Parisen PSG taldeak kanporatu gintuen. Bigarren Mailako talde baten aurka, eta Lehen Mailako hiruren aurka jokatzeko parada izan genuen, eta ikaragarria izan zen.Orduan ere CFA Mailan ginen, eta Liga irabazi genuen. Hala, N1era lehen aldiz igo ginen. Gauzak doazen moduan, orduko itxura handia dauka aurtengoak, baina oraindik asko geratzen da egiteko», adierazi du Jean Laurentek. Horretarako zaleen babesa eskatzen dute: «Egia esan, larunbateko partidarako ez dago aparteko girorik, eta berek 200 zaletik gora ekarriko dituzte. Alde batetik, normala da amateurren Ohorezko Mailako talde batek zaleak gehiegi ez erakartzea, azken batean, gure bigarren taldea ere maila berean baitago, baina kontuan izan behar dute guk zer dugun jokoan, eta zer-nolako aukeraren aurrean gauden. Hemen, gainera, Lehen Mailako taldeak ikustea denoi gustatzen zaigu, baina horretarako lana ongi egin behar da, eta zaleen babesa ezinbestekoa dugu. Ez da ahaztu behar orain dela hiru urtekoa, eta orduan, uste dut, denok batera egin genuela lan», nabarmendu du Jean Laurent Estainouk, Avironeko jokalari ohi eta egun Zuzendaritzako kideak. Larunbatekoa 19.00etan hasiko da Didier Deschamps zelaian, eta hurrengo kanporaketa JeanDauguerren jokatzeko itxaropena dute. Alde batetik, kanporaketa hori gainditu dutela esan nahiko luke, eta bestetik, Lehen Mailako bat dutela aurrean.
Avironek, aspaldian ez bezala, bertako jokalaririk gehien du aurten
J.L. BAIONA Avironen zaleek gustura egoteko arrazoi ugari dituzte. Batetik, taldea lehen postuan doa CFA Mailan, eta bestetik, aspaldian ez bezala, bertako jokalari ugari ditu. «Horrela da, eta poztekoa da. Orain dela urte gutxi batzuk ezinezkoa zen bertako jokalariekin gabiltzan mailan aritzea, baina garbi dago Ipar Euskal Herriko futbolak nabarmen egin duela gora. Orain dela hiru urte, esaterako, bertako bi jokalari soilik ziren ohikoak hamaikakoan, eta egun, ia gehienak dira», adierazi zuen Estainouk. Horren arrazoiak ere eman ditu: «Lehen ere ume asko zebilen futbolean hemen, baina goi-mailan ez zegoen talderik, beraz, bat ona baldin bazetorren, behartuta zegoen kanpora joatera. Orain, ordea, maila profesionalean bi talde gaude, eta hori nabaritu da. Gaur egun Ipar Euskal Herriko gazterik onenak guk eta Genetsek dauzkagu, eta ikusten da zer maila dagoen. Gainera, hemengo taldeak Realarekin edo Athleticekin elkarlanean ari gara, eta asko nabaritu da». Bestetik, azken urte hauei begiratuta, Baionako taldeak asko gaztetu du bere taldea: «N1 Mailan egon garen bi urteetan Lehen Mailan ibilitako jokalari mordoa izan dugu. Eskarmentu horren bila joan gara, baina ez da ongi atera. Jokalari horiek ez dute talderik egiten. Entrenamendutik etxera, eta partida dagoenean partidara, ez zuten taldeko girorik sortzen. Afariren bat antolatzen bazen, ez ziren etortzen, eta aurten hori moztea erabaki dugu. Gehienak bertakoak dira, baina kanpotik ere gazteak ekarri ditugu, eta aldagelako giroa asko indartu da», esan du amaitzeko jarduna Estainouk.
|