Alondegia herriarena dela aldarrikatzeko astea Lizartzan
DONOSTIA
Lizartzako Alondegiaren aldeko Plataformak beste urrats bat egin du Udalak Alondegia saltzeko daukan asmoa salatzeko. Hartara, aste kultural bat antolatu dute Udalaren plana kritikatzeko. Atzo bertan abiatu zen aste kultulara, Aranzadiko kideek hitzaldi bat emanda. Bihar, osteguna, beste hitzaldi bat izango da 20.00etan. «Hiru herri, hiru arazo» izenburupeko hitzaldian hiru herritako arazoez hitz egingo dute: Ordizian Oiangu parkearekin daukatena, Oiartzunen arau subsidiarioekin daukatena eta, azkenik, Lizartzan bertan Alondegiarekin daukatena. Azkenik, ostiralean festa giroan itxiko dute aste kulturala. 19.00etan, haurrentzako “Asto bat hipodromoan” ikuskizuna emango du Iñaki Agirrezabalek, eta ondoren, haur eta helduentzat afari-merienda izango da, kantaldi eta guzti.
|