GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-12-14
Jean-Claude Aguerre - Batasuneko militantea
Gure jokabideei zentzua eman

Euskal Herriko panorama politiko, sindikal eta jendartean abertzaleen eragina ukaezina da. Bistan dena, intentsitate eta indar ezberdinez gauzatzen da zazpi probintzien artean. Baina, denetan partaide saihets ezina da eragile oroendako.

Hauteskundeak garai inportantak dira, neurtzen ahal baita nolazpait indar politiko baten heina; baina ez da neurgailu bakarra izan behar. Nihundik ere. Baitezpadakoa da ikustea eta kontuan hartzea eguneroko lana eta eragina, hauteskundeez gain. Abertzaleen aldetik urtez urte gure borrokek sinesgarritasuna eman daukute. Eguneroko praktikari esker, ezagutza bat lortu dugu. Nehork ez dauku eskaini, guhaurrek eraiki eta hazi dugu. Eta hazten dugu. Herrian bizitzeko xedez, abertzaleek gure ekarpena egiten dugu egunero: elkarte sozio-ekonomikoen bitartez, sare ekonomikoa sustatzen ari gira; kultur taldeekin, etengabeko animazioa bultzatzen dugu... Eta betiere, ikuspegi eraldatzaile batetik lan egiten dugunok gure herri ukatuen bizirauteko bideak irekitzen ari gira. Eguneroko lanak berdintasunean oinarritutako jendarte askotarikoa bultzatzen du, gaurko eredu uniformizatzaile eta baztertzaileari alternatiba aurrerakoia ekartzen dio.

Azkenean, hauteskundeen memento faroetatik haratago, botere faktikoak sortu ditugu. Botere herritarra bideratu dugu. Zaila da neurtzea zer heinetaraino eragiten dugun, ez baita egune- roko lan hori portzentaietan kuantifikatzeko errexa, baina adibidez, Euskal Herria 2010 desmartxari behatzen badiogu, ohartzen gira botere publikoek ezin izan dutela desmartxa hori antolatu, delako botere herritar erreferente horiek dinamikan inplikarazi gabe. Horra froga argia, autoritate legalek berek, berez ezagutza ematen dietela herri borrokei eta haien eraginari.

Hauteskundeak gogoan ditugunean, argi izan behar dugu orain arte ez dugula gure hauteskunde propiorik izan. Parte hartzen dugu edo aurkezten gira bi herri arrotzek antolatutako hauteskundeetan. Beren egutegian sartzen gira, beren legalitatean, beren hautes barrutietan, beren kanpainetan, beren zerrendetan, beren komunikabideetan... Hots, osoki inposatuak zauzkigun parametroetan eta bi herri arrotzen interesen arabera finkatuak diren «joko-arauetan» murgiltzen gira, hauteskundeetan aurkezten giren aldi bakoitzean. Parametro horiek ikaragarrizko inportantzia dute eta behar-beharrezkoa zauku horiek beti oso presente izatea gure baitan. Kuadro horretan bozkazaleen %10-15 ordezkatzea, errealki azpi-estimazio bat dela erran dezakegu. Zeren eta Euskal Herriko eskubideak errespetatzen ez dituen koadro instituzional horietatik abiatzen girenez, defizit bat baitugu gure proiektu politikoaren lantzeko. Baina bizkitartean, gure proiektu abertzalea hauteskundeetan bideratzeko ez dugu beste kuadrorik. Beraz, ez bagira ere berdintasunezko baldintzetan, hots Frantses edo Espainol legalitatearen menpe gireno, joko arauak frantses edo espainol autoritateek inposatuko dauzkigute. Gure eskaintza politikoa garatzeko frantses edo espainol estadoek markatzen duten koadrotik ari izan behar dugu, mozorro demokratiko horren gibelean, funtsean erabakitzeko boterea bahitua zauku.

Konparazione, euskaraz bizitzeko, frantses konstituzioaren muga ezarria izanen zauku beti. Gisa berean gure garapen ekonomikoa, Frantziarraren eta Espainiarraren behar eta lurralde antolaketa eskemaren arabera finkatuko da, Euskal Herriko beharrak eta erronkak, beren osotasunean kontuan hartu gabe. Komunikazioaren aldetik ere estadoek indarrez atxikitzen duten egoera politiko huntan, talde politiko estatalek aukera guziak irekiak dituzte frantses edo espainol komunikabide nazionaletan (prentsa idatzia, irrati telebista...), talde politiko abertzaleek aldiz, oso murriztuak ditugularik, ez erraiteko deuseztatuak.

Alta, hauteskunde lehietan beti jarraitzen dugu, ezinbestean dohaikabe. Abertzaleek gure proiektu politikoa urtez urte defenditzen dugu. Koherentzia eta engaiamendu osoz parte hartzen dugu hitzordu elektoral ezberdinetan. Eta hori baino gehiago, emaitzei lotzen gira buru-belarri. Miraila desformatu bat izanik ere, gaurko egunean gure miraila bakarra baita... Alabaina, inporta zauku %15a gainditzea. Baina zer da helburua? %15a gainditzea? Ala gure mezua entzunaraztea? Bistan dena, helburua da gure mezua entzunaraz-tea egin ahala portzentai goraren bidez, %15a baino gehiagoz ere... Baina bada lanjerra argi eta garbi bat, gure buruari galdegiten diogularik «nola pasarazi abertzaleen emaitzak hauteskundeetan %10-15etik goiti?». Zeren eta galdera horretan, %10-15a gainditzea, helburutzat hartua izateko arriskua baita. Lortu nahi den portzentaiak indikadore bat izan behar du. Epe laburreko xede bat. Helburua bilakatzen bada, orduan, horren gauzatzeko aterabideak badira. Baina mezuaren kaltetan. Tentazio anitz dira, epe motzera etekin elektoralen ateratzeko, urteetako borrokari men eginez. Eginbide horretan, arrazoi ezberdinak agertzen ahal dira, sektore batzuen akidura edo batzuetan belaunaldi batzuen desesperazio puntu bat... edo batzuk errealismoa dei dezaketena.

Maleruski, epe motzeko jokamoldeak borroka abertzalearen aldarrikapenen desitxuratze eta huste ideologiko batetik izaten dira, eta eguneroko borroketan defenditzen diren baloreak koalizio merke batzuen truke barreiatzeko irrisku handian dira. Hauteskunde mota eta momentu politikoaren arabera aliantza elektoral ezberdinak egin daitezke, baina abertzale koherentzia politikoa galdu gabe. Eragile orori irekiak; denekin lan egiteko prest. Indarrak metatuz, abertzale boza ozen aldarrikatu genezake elkarlanean, gure opzio politikoari oihartzun zabalagoa eskainiz. Hori da zinez %10- 15a lortzea. Gure mezuarekin lortzea. Gure mezu osoarekin lortzea. Hautsi-mautsirik gabe eta zintzotasunez. Jadanik gaurko egunean boz abertzalea maila hain gora batean ikustea garaipen bat da. Gure izatearen kontrako kuadroetan murgildurik izanik, ezezagupen instituzional kaltegarri horren guziaren gainetik, oraindik ere mendebal- deko Europa huntan populu baten afirmazioa hain ozena izatea, ez da guti! Bide horretarik segitu behar dugu. Guk ez badugu Euskal Herriko kuadroa defenditzen, nehork ez du eginen. Guri da Euskal Herriko eskubideen errespetua bermatuko duen kuadro politiko bati buruz lan egitea. Argi da beste indar politiko eta ikuspegi ideologiko bertsua dutenekin lan egitea baliagarri dela eta hauteskundeen itsasoan, partaidetzan aritzea ere xerkatu behar dela baina Euskal Herriko arraina ito gabe. Portzentaien izenean ere ez. Bistan dena ez da bide sinpleena eta zaluena baina euskal herritar ororen eskubideak garatuko dituen egoerarat heldu behar dugu. Eta hau, aldaketa politiko azkar batekin segurtatuko da bakarrik, herri hau ukaziotik ezagutzarat pasaraziko duena. Eskubideen aldeko aukera elektorala aur- keztuz. Herri hunek diona eta erabakiko duena onartuz. Mezu horiek ezin ditugu saihestu. Izan behar dira gure hautagaien lehen aldarrikapenak, ez hamargarrenak. Euskal Herriaren Autodeterminazioaren aldeko mezu horrek garai batean %3 lortzen zuen bezala, bihar %30 edo gehiago erdietsiko du. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Batasuna presentará una propuesta a París dos años después de Anoeta
Jendartea
«Egun seinalatua da hau guretzat»
Euskal Herria
Garzón ordena que se grabe en vídeo a las personas detenidas incomunicadas
Kirolak
«Que yo sepa, por ser favorito en la final no te regalan ningún tanto»
Euskal Herria
Zapatero insiste en que dará «pasos firmes» pero no concreta el momento
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss