GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-12-14
Zumarraga-Urretxuko Santa Luzia Azoka
«Egun seinalatua da hau guretzat»
Zaldi, moxal, asto, behi, fruitu, barazki, tresneria, ezti, ardo... Aurten berriz ere oilasko eta kapoiak ere bai. Zumarraga Urretxuko Santa Luzia feria huts egiterik ez dagoen hitzordua da milaka lagunentzat, eta atzo beste behin etxeko onenak hartuta etorri ziren horiek erakusleiho primerakoa izan zuten. Baina abenduaren 13aazoka eguna baino gehiago da, askoz ere gehiago.

Merkatuetan izan ohi den jendetza nabarmentzeko joera izaten da tankera honetako testuetan, baina Zumarraga-Urretxuko merkatuan nobedade gutxi izan ohi da asistentziaren harira, urtero, egin hotz ­iaz hezurrak izozteko modukoa egin zuen­ edo egin eguraldi epelagoa, huts egiterik ez dagoen hitzordua baita milaka lagunentzat.

Horixe gertatzen zaio Juan Sarelegi gaintzarrari. Atzo goizean goiz abiatu zen Zumarragara bidean, azken 20 urteetan egin duen moduan. Eguerdi aldera bere saltsan zebilen, abereak ikusi eta lagun artean baten gabeziak eta bestearen dohainak hizpide hartuta. Hiztun zebilen; gustura. Merkatu guztia ikuskatzeko beta hartzen duela zioen, baina hori bai, «lehenik abereak». Orain erretiratuta dago, eta ez du arazorik izaten Zumarraga eta Urretxura egun-pasa etortzeko, baina lan egiten zuenean ere, abenduaren 13a erreserbatua izan ohi zuen, «egun seinalatua» zuen.

Saralegiren antzera abere mundua ezagutu eta gustuko duten horientzat huts egiterik ez dagoen hitzordua izan ohi da. Ez alferrik, ehunka abere buru izan ohi dira ikusgai, eta, gustuko izanez gero, baita salgai ere. Atzo, laurehundik gora animalia ekarri zituzten baserritar eta abeltzainek, eta ia erdiak saldu zituzten.

«Abere salmenta oparoa»

Aipagarria, esate baterako, merkaturatu zituzten 166 moxaletatik, 32 baino ez zituztela berriz ere etxeratu. Urtero bezala, goizean goiz egin zituzten traturik gehienak, eta eguerdi- parterako erakusketarako jarri zituzten gune hainbat husten hasiak ziren. Inazio Egiguren azpeitiarrak hiru asto eraman zituen atzo Zumarragara. Goizean goiz enplegatu zuen bat, eta tratuan zebilen eguerdi aldera besteren bat saltzen ote zuen-edo. Lau urte daramatza Egigurenek azokara bertaratzen, eta gero eta asto gehiago dagoela salgai nabarmendu zuen «horregatik prezioa gero eta merkeagoa da». Hala ere, hau gaineratu zuen: «Asto onak oraindik ere dirua ematen du».

Abere indartsuak hazteko kalitatezko bitartekoak behar izaten dira, tartean, makineria egokia, eta Zumarragan bazen horrelakorik, traktore handietatik hasi eta urritzez eginiko makila eta akuilu ederretaraino.

Abere feriak izen handia du, eta ez du gutxiago Euskadi plazan jatekoekin osatzen duten azoka ederrak; orotarik erosteko aukera zegoen bertan, tartean, barazki eta fruitu ederrenak, etxeko finenak. Izan ere, jokoan baitzeuden barazki, fruitu eta Errezil sagarren Santaluziko sariak. Anttoni Murgiondo Beheko Etxe baserriko gabiriarrak, nonbait, puntua hartu dio sagar ederrak ekoizteari. Iaz ere saritu zuten, eta atzo Errezil sagarren lehiaketako bigarren saria eskuratu zuen. «Oso pozik nago, urte osoko lanaren ordaina baita hau», adierazi zuen. Aurtengo sagar uzta ugaria izan dela azaldu zuen, aurreko urtean bezain ale handiak jasotzeko modurik izan ez bada ere. Poliki ari zen saltzen, eta datozen egunetan egingo diren azoketan ere ondo saltzeko itxaropena du. «Gabonei begira eta konpota egiteko, jende askok erosten du Errezil sagarra, eta behin jaten hasita, bukatu bitartean aritzen da jendea erosten», azaldu du.

Hernaniko Zabaloenea etxekoak ere pozarren zeuden, fruitu lehiaketako lehen saria eta Errezil sagarren lehiaketako lehen sariak etxeratu baitzituzten. Euren sekretuaren berri galdetuta, Ane Iradik urte osoan egiten duten lan mardula nabarmendu zuen. «Zuhaitzak kimatzen ditugu lehenik; ondoren, ale gehiegi dutela ikusiz gero, batzuk kentzen ditugu; eta azkenik, azokara ekartzeko hoberenak aukeratzen ditugu», azaldu zuen. Behin hori guztia egin ostean, atzo lanik errazena zuten, saltzea, eta saria jaso zuten erakusgarrien mahai gainean zituzten kartelek lagunduko zieten segur aski horretan.

Sariak jasotzen ohitzen hasiak dira Hernaniko Zabalegi sendikoak ere. Bi urtez jarraian barazki lehiaketan garaile izan baitira. Jendeari landare bereziek atentzioa ematen diotela adierazi zuten, baina erosi beti gauza berak egiten direla nabarmendu zuen: «Intxaurrak, babarrunak eta urazak dira jendeak azoka honetan gehien erosten dituenak». Gabonetan mahai inguruan egiten diren ospakizunei dagokienez, barazkiei tarterik egiten dieten galdetuta, kardua eta eskarola aipatu zituzten, baina arrandegietako moduko aparteko salmentarik ez dela izaten adierazi zuten. Tartea hartu zuten zabalegitarrek aldarria egiteko eta egiten diren azoka berezietara ez ezik, egunero egiten diren azoketara bertaratzeko deia egin zioten jendeari. «Gu egunero aritzen gara etxeko onenak saltzen Groseko merkatuan. Hori ere nabarmendu», eskatu zuten.

Kontxita Berezibar arrasatearra ere merkatuz merkatu ibiltzen da, eta santaluzikoari estimu handia dio. «Jende asko bertaratzen da eta salmenta onak izaten dira urtero», jakinarazi zuen. Egia esan, salmahaian zituen ardi gaztek itxura ederra zuten, eta goizean goizetik «txukun» saltzen ari zela-eta gustura zegoen.

Atzo nobedade urteetan usadio izan diren oilasko eta kapoiak izan ziren. Iaz, hegazti gripea zela-eta jarritako debekuarengatik ez zuten lekurik izan azokan, eta hutsunea sumatu zuten nonbait santaluziko feriara bertaratzen direnek, inor gutxi etxeratu baitzen kapoi eta oilasko pare ederrak ikusi gabe. Prozesioan bezalaxe, geldialdiak egiten ibili baitzen jendea. Pilaketa handiagoak izan ziren hegaztien ondoko kaiola batean; bateren bati lan ederrak eman zizkion jende artean kaiolara iritsi eta zer ote zegoen jakiteak. Iritsi eta ezustekoa! Bi kanguru txiki zeuden eta dozenaka haur inguruan ahoa zabaldu eta telebistan baino ikusten ez dituzten animalia horiei begirik kendu gabe. Txiki eta handi, guztiek aurkitzen zuten ikusmira.

«Zigorra ofizio egina»

Eskulangileek, berriz, urteko lanaren erakusleihoa aurkitu zuten. Saltzea eta egiten duten lana ezagutaraztea zuten helburu gehienek; Iñaki Agirrezabala saskigileak, adibidez. Sasoiaren arabera, funtzio ezberdinetarako saltzen dira saskiak. «Perretxiko garaian asko saltzen dira; eta behin aldi hori amaituta, Eguberrietako loteetarako hasten gara ekoizten», esan zuen. Lehen lanerako erabiltzen bazituzten ere, egun, batez ere, apaintzeko izaten direla esan zuen. Zortzi urterekin ikasi zuen Agirrezabalak ofizioa, eta halabeharrez ikasi, gainera; zigor moduan agintzen baitzioten otarreak egiteko, etxeko usadioari jarraiki. Baina amak zigor gisa jartzen zion jarduerari gustu hartu zion, eta 27 urte zituela lana galdu eta ofizio bilakatu zuen saskigintza. Saskiak egiten lana badagoela esan zuen, baina gutxik heltzen diote. «Nik Matxibenta eta Nuarbe inguruan 40 bat saskigile ezagutu nituen, eta egun Euskal Herrian ari garenak bi eskurekin ere konta ditzaket», azaldu zuen. Gazteek gisa horretako ofizioetan hasteko laguntzak ematea premiazko jo zuen.

Postu gehienetan jende mordoska bazebilen ere, horrelako «azoka-jaietan» jenderik gehien batzen duten mahaiak txorizoz, gaztaz, txokolatez eta hirugiharrez betetako taloak salgai dituztenak izan ohi dira; eta atzo ere beste hainbeste gertatu zen. Inor gutxik egin zion muzin mokatu eder hori hartzeari.

Santa Luzia azoka da, aspaldian ikusi gabeko lagunen topaleku... baina guztiaren gainetik jaia da, herrikoentzat batez ere, baina baita hutsik egin gabe eta urtero-urtero joaten den jendearentzat ere; Santa Luzia eguna noiz iritsiko zain izaten diren «Santa Luziaren zaleentzat». -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Batasuna presentará una propuesta a París dos años después de Anoeta
Jendartea
«Egun seinalatua da hau guretzat»
Euskal Herria
Garzón ordena que se grabe en vídeo a las personas detenidas incomunicadas
Kirolak
«Que yo sepa, por ser favorito en la final no te regalan ningún tanto»
Euskal Herria
Zapatero insiste en que dará «pasos firmes» pero no concreta el momento
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss