Justizia administrazioko grebalariek protesta «gogortuko» dutela esan dute
·Gasteizko Gobernuak ez diola beren azken proposamenari erantzun salatu zuten sindikatuek
BILBO
Justizia administrazioko grebalariek mobilizazioak «gogortuko» dituztela jakinarazi zuten atzo. EA alderdiak Bilbon duen egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzea aprobetxatuz, LABeko ordezkari Loreto Cabok adierazi zuen Joseba Azkarragak zuzentzen duen sailak ez diola sindikatuen azkeneko proposamenari erantzun. Alde horretatik, soldatak %10,5 igotzea oinarri duen proposamena kontuan hartu ez dutenez gero, greba egiten jarraituko dutela berretsi zuen.LAB, ELA, CCOO, UGT eta CESIF sindikatuek batzar bat egingo dute gaur, Bilbon. Ondoren, Justizia Jauregitik abiatuta, manifestazio bati ekingo diote 11.30ean. EA alderdiaren egoitzaren aurrean amaituko da protesta. Bestalde, greba herritarrei «modu kezkagarrian» eragiten ari zaiela azaldu zuten sindikatuek, «epaitegiak erabat geldirik baitaude». Lakuako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailak, ordea, greba langileen %26,59k jarraitu zutela aipatu zuen, astearteko lanuzteak baino bi hamarren gutxiago. Gipuzkoan grebak %16,51eko jarraipena izan zuela adierazi zuen, Araban (%27,40) eta Bizkaian (28,64) baino gutxiago. Atzoko jardunaldia zenbatuz gero, hogeita bi egunez egin dira lanuzteak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako epaitegietan.
|