Arriagaren lan osoaren edizio kritikoa argitaratu du Bilboko Udalak
Juan Crisostomo de Arriaga konpositorea jaio zenetik bi mende pasatu direla ospatzen jarraitzeko, Bilboko Udalak bere lan osoaren edizio kritikoa aurkeztu du gaur. Hogei titulu baino gehiago daude bi liburukitan bilduta, baita konposizio bakoitzaren azterketa ere. Bilboko egilearen musika zabaltzea da lan berri horren xedea.
BILBO
Arriagaren argitaraturiko ia obra guztiek okerrak eta gorabeherak dituzte eta horiek, neurri handiagoan edo txikiagoan, jatorrizkoaren lana indargabetzen dute. Zenbait lan oraindik argitaratu gabe egoteaz gain, argitaratu zirenak tresna desberdinetarako moldaketa moduan eta beste mota bateko gehigarriekin egin ziren: jatorrizkoa ez bezalako beste hizkuntzetako hitzak, konpas berriak, mozketak, izenburu aldaketak, aparteko lan gisa argitaratu ziren zatiak... hori guztia horren berri eman gabe. Horregatik, Bilboko Udalak uste izan du jaiotzaren bigarren mendeurren honetan, badela garaia azkenean ere Arriagaren lan osoen edizio kritiko bat burutzeko proiektuari ekiteko. Jatorrizko partiturak berreskuratzea, konpositoreaz kanpoko edozein elementu kentzea eta, aurrenekoz, musikariak berak sortu zituen moduan entzun ahal izateko aukera eskaintzea izan dira egitasmo honen helburuak. Benetako «arkeologia musikala»ren lan neketsu eta zail hau Musika Zientzien Institutu Konplutentseak (ICCMU) eta SGAE (Espainiako Autore eta Editoreen Elkartea) taldeko Iberautor sozietateak argitaratu dute. ICCMU Estatu espainolean dagoen musika-ikerkuntza zentrorik garrantzitsuenetakoa da, eta lan honetarako Christophe Rousset orkestra-zuzendari frantsesaren laguntza izan du. Berari zor zaio edizio kritiko hau. Argitalpen honekin izaera praktikoko edizio kritikoa burutu nahi izan dute; izan ere, helburu nagusia adituei, eta batez ere interpreteei, Arriagaren musika jotzeko materiala baldintza egokian eskaintzea da, konpositoreak berak sortu zuen eran. Lan osoen argitalpena bi liburukitan banatu dute: musika instrumentala eta ahots musika batzen duten liburukietan. Atzoko aurkezpenean aipatu zutenaren arabera, oso lan konplexua izan da Bilboko egileak konposatutako lanak antolatzea. Bilduma hori orain arte kontserbatutako iturrietan oinarritu da, dokumentuak oso sakabanatuta daudelako.
|