Gure Irratia gaur hasiko da berriro emititzen sutearen ondotik
Instalazioei dagokienez egoera aski zailean bada ere, gaur hasiko da emititzen joan den astean egoitza nagusia garretan desagertzen ikusi zuen Gure Irratia. Arratsaldeko bostak aldera hasi nahi dute emititzen berriz irratiko langileek; hala ere, arazo teknikoak direla medio, baliteke hasiera ordua atzeratzea. Aste honetan lan handia egin dute irratiko langileek Uztaritzeko Herriko Etxeak utzi areto berria egokitzeko.
UZTARITZE
«Ziurgabetasuna, hori da gure egoera definitzen duen hitza», esan zuen Euskal Irratietako programazio arduradun Jose Luis Aizpuruak. Izan ere, Uztaritzeko Herriko Etxeak Gure Irratiari utzi dion areto berrira sartzean elkarrizketa guztiek Aizpuruak definituriko egoera islatzen zuten. Denak lanean ari ziren, lan eta lan gelditu gabe, berriz ere emititzen hasi ahal izateko, baina, hala ere, etengabe kontrolatu ezineko arazo edo ustekabeak konpontzen. Gure Irratiko langileek astelehen honetan emititzen hasteko asmoa plazaratu zuten, baina soinuak nahasteko mahaia ailegatzen ez zela ikusita, emisioen hasiera data atzeratu beharra izan dute eta azkenik gaur hasiko direla dirudi.Nahasketa mahaia atzo arratsaldean ailegatu zenean, Gure Irratiaren egoitza berrian elkartutako hamar langileak dena prestatzen ari ziren gaur emititzen hasteko. Batzuk ordenagailuaren aurrean eserita idazten eta etengabe telefonoari erantzuten ari ziren, eta beste batzuk, aldiz, alde batetik bestera itzuliak ematen kable baten bila edo heldu berri diren makina berriak instalatzen. «Zaila da, dena une berean egin behar baita», adierazi zuen Xexili irratiko langileak. Ziurgabetasunaren isla eta etengabe agertzen ziren arazoen adibide izan zen atzo arratsaldean gertatutakoa, Hazparneko suhiltzaileek deitu baitzu- ten beren frekuentzian Gure Irratia entzuten zutela esanez.
Emititzeko prestatzen
Batzuk eginak zituzten elkarrizketak muntatzen ari ziren; beste batzuk, aldiz, azken astean jasotako elkartasun mezuak biltzen irrati bidez entzuleei helarazteko. Baina mamia bezain garrantzitsua da bidea, eta beraz, atzo heldu zen nahasketa mahaia muntatzen ari zen Ernest. Azken egunotan, Ernest Irigoienek eta berarekin lan egiten duten beste hiru teknikariek ez diote lan egiteari utzi. Sukalde industrial handi batean pareta bat eraiki dute langileek eta teknikariek, eta lehen gela handi bat zegoen tokian orain erredakzioa eta estudio nagusia kokatzeko tokia egin dute. Estudio nagusia egoitzaren behin-behinekotasunaren ispilu da, gela isolatzeko arrautzak gordetzeko kartoizko kutxak jarri baitituzte paretetan. Beharbada deigarriagoa da pasabidean dagoen teknika gela. Irrati batek behar dituen konexio eta makineria ezberdinetarako zein elektrizitaterako kontrolen egoitza bilakatu da pasabidea. Pasabidetik estudio txikira eta muntatze gelara kableak paretak zeharkatzen ikusten dira. Estudioa eta muntatze gela hitzak aipatuta zaila da imajinatzen komunean jarri duten muntatze gela, baita oihartzuna ekiditeko arrautza kutxekin dekoratu dituzten paretak ere. Estudio txikia hasieran emititzeko baliatuko dena da eta bertan egiteke dago oraindik isolamendu akustikoa.
Elkartasun emariak
Gela guztietako mahaiak eta aulkiak Uztaritzeko bi eskolek emanak izan dira eta horrelako hainbat laguntza jaso dituzte, baina laguntzarik handiena Uztaritzeko Herriko Etxearena izan da. Irratia ezarri duten egoitza herri erakundeak utzi die, eta gainera, behar bezainbeste denborarako dela azaldu zuen irratiko langile Jokin Zaldunbidek: «Uztaritzeko Herriko Etxeak lokal berria behar dugun arte utzi digula esan daiteke». Erretako irratiko egoitzaren eraikin berean dagoen areto berri hau izatea eskertzekoa da, lanek luze jo dezaketela aurrez ikusten baitute langileek: «Mementoz, behin-behineko tokia dela ematen badu ere, badirudi epea luzatuko dela, eta gu orain instalatzen ari gara. Seguru asko lan baldintzak aldatu egingo dira, baina orain muntatzen ari gara eta gauza asko falta ditugu», adierazi zuen Zaldunbidek. Jaso duten laguntza anitz eskertzen dute Gure Irratiko langileek, baina oraindik laguntza beharko dutela nabarmendu zuen irrati esatariak: «Laguntza behar dugu, ikusten den bezala, dena muntatzeke baitugu, materialari dagokionez bereziki, beraz, laguntza asko eskertuko dugu». Izan ere, irrati batek material ezberdin anitz behar ditu emititu ahal izateko: «Ikusi behar dugu gure beharrak zein diren, material aldetik batez ere, irrati baten beharra oso handia baita alde horretatik», nabarmendu zuen Zaldunbidek. Behar horiek asetzeko erre zen egoitzako material gutxi batzuk garbitu eta gero berreskuratu ahal izan dituzte, baina gehiena erosi egin behar izan dute. Musikari dagokionez, oraindik ez dakitenez beraien disko bilduma baliagarria den edo ez, argitaletxeei eskatuko dizkiete diskoak.
Adituek oraindik ezin izan dute zehaztu zein izan zen sutearen jatorria
I. E. UZTARITZE
Sutea izan zenetik astebete baino gehiago pasatu denean, oraindik ez dakite zein izan den sutearen jatorria. Hori zehazteko, justizia adituaren ikerketaren emaitzen zain egotea besterik ez dago: «Justizia adituak esan digu bi astetan txostena burutuko duela eta hori jendarmeriara igorriko duela eta jendarmeriak fiskalari edo prokuradoreari», azaldu zuen Gure Irratiko langile Jokin Zaldunbidek. Gure Irratiaren egoitzatik pasatu diren adituak bat etorri dira sua hasi zen tokia zein izan zen zehaztean. Hala ere, ez da batere argi gelditu nola sortu zen sutea, sutearen jatorria, alegia. Leiho ondoan dagoen erredakzio nagusiko bazterrean sortu zen sua, txoko horretan dena suntsitua baitago, eta sabaia guztiz eroria. Toki horretan ez zegoen aparatu elektrikorik eta zegoen entxufe bakarrean ez zegoen ezer jarria. Zigarrokinaren hipotesia ere bertan behera utzi dute, gela horretan ezin baitzen erre. Sutearen jatorria definitzeko unean faktore askok parte hartzen dutela azaldu zuen Gure Irratiko langile Jokin Zaldunbidek: «Justuki, sutearen jatorria jakiteko faktore anitz dira, jatorria ez da oraindik zehatza: lanak egin dira irratia dagoen Landagoien eraikinean, euri andana egin zuen gau hartan... ez dakigu sobera». Jatorria definitzeke egoteaz gain, zein aseguru etxek ordainduko duen ere jakiteke dago: «Asurantza gerla handi bat izanen da, nork hartuko duen bere gain sutea, baliteke zinez luzea izatea. Aseguru etxeetako aditu bakoitzaren ikuspuntua bildu behar da orain», esan zuen Zaldunbidek.
|