Ipar Euskal Herriko garraio egitasmoen inguruan luzamendu bat eskatu du ABk
Aurrera doazen Nafarroaz gaindiko bidea, Bordeletik Irunerako Abiadura Handiko Trena eta A-63aren zabaltze egitasmoa gelditzeko eskatu du ABk. Oinarri berrietan ezarritako Ipar Euskal Herria orokortasunean kontuan hartzen duen eztabaida publiko bat irekitzeko ere eskatzen du talde abertzaleak.
BAIONA
«Euskal Herrian ez dira sekula egin aldi berean gure herriaren egituraketan eragin zuzena duten tamaina horretako hainbeste egitasmo», adierazi zuen Abertzaleen Batasuneko Peio Claveriek. Aurrekoari jarraiki, hainbat egitasmoren arteko koherentzia falta izugarria dagoela nabarmendu zuen, baina, aldi berean, oraindik zerbait egin daitekeela adierazi zuen. Egoeraren irakurketa horretan oinarrituta, talde abertzaleak lau proposamen plazaratu zituen atzo.Lehenik eta behin, egun garraiobidean Ipar Euskal Herrian garatzen ari diren egitasmoen inguruan luzamendu bat eskatu zuten; izan ere, ingurumenean eta gizartean eragin azkarra izanen dute. Gelditu behar horretan, frantses Estatuko Garraio eta Ingurumen ministroei gutun ireki bat idatziko diete eztabaida publiko eta eraberritu bat has dezaten. Bestalde, garraioen garapenean paradigmaz aldatzea proposatzen du ABk, azpiegituren bilakaera gizarte beharren eta garapen iraunkorraren arabera egin dezaten. Azkenik, azpiegituren garapenean Euskal Herrian pentsatu behar dela nabarmendu zuen Abertzaleen Batasunak. Euskal Herri guztia kontuan hartzen duen azterketarik ez dutela egin nabarmendu zuen aldi berean. Irizpide horri jarraiki, Hondarribiko aireportua handitzearen kontra agertu zen AB, eta horren ordez, Biarritz-Parmako aireportua zabaltzea proposatu zuen. Bidasoaren bi aldeetako administrazioen arteko kudeaketa bateratua litzatekeela hoberena adierazi zuen talde abertzaleak. Joan den asteburuan Euskal Herria 2020 egitasmoko kideek AHTren alde erakutsi zuten jokaera kritikatu zuen Abertzaleen Batasunak.
LAB AHTren kontra
BAIONA Abiadura Handiko Trenaren aurka eta garraio sare iraunkorraren alde LABek elkarretaratze batera deitu du abenduaren 16rako, arratsaldeko lauretan, Uztaritzeko Heraitzeko biribilgunean. Abenduaren 5ean, Akizeko AHTren gaineko eztabaida publikoan, Suitzako kontsultategiek osatutako Batzorde Bereziak aditzera eman zituen ideiak LABek «Garraioak Euskal Herrian» txostenean agertu zituela nabarmendu zuen sindikatu abertzaleak. LABek adierazi zuen garraioen aldeko politika azkar bat behar dela bai trenbidearen garraio iraunkorra suspertzeko, baita errepidetik trenbideetarako pasarte modalak garatzeko ere.
|