GASTEIZ
Eskolak euskalduntzearen aldeko elkarretaratzea egin zuen atzo goizean Gasteizko Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean Euskal Herriak Bere Eskolak. Herri ekimenak azaldu zuenez, «memento oso garrantzitsua da egungoa», hurrengo asteetan administrazioek zenbait neurri hartuko dituztelako eta «eskolak euskaldundu edo ez» jokoan egon daitekeelako.Abenduaren 21ean Gobernu frantsesak sortutako Euskararen Erakunde Publikoak Hizkuntza Politika aurkeztuko duela gogorarazi zuen EHBEk. Zirriborroa aurrerapausotzat hartu arren, euskararen ofizialtasuna aipatzen ere ez duen proiektuak euskalduntzea nola bermatuko duen galdetu zuen, eta aurrez ikusten dituen «bitarteko urriak «kritikatu zituen.
Bestalde, otsailean Lakuako Hezkuntza Sailak hizkuntza ereduak gainditzeko proposamena agertuko du, eta horren inguruan dagoen «sekretismoa» salatu zuen EHBEk. Lana prestatzen ari bada ere, «herri mugimendu eta sindikatuak ez dituelako kontuan hartu».
Nafarroari dagokionez, udal hauteskunde eta hauteskunde autonomikoen ostean, siglen aldaketekin aldaketa politikoak etor daitezkeela esan zuen EHBEk. Beraz, «euskararen ofizialtasuna eta euskalduntzea» mahai gainean «ezinbestean» egongo direla esan zuen.
Euskal Herri osoan ikasle guztiak euskalduntzeko euskal gizarteak erakutsi duen konpromisoan urrats gehiago egin beharko direla adierazi zuen EHBEk. Gainera, «konpromiso kolektiboetarako deia egin die» herritarrei, eragileei eta administrazioei, behingoz eskolak ikasle guztiak euskalduntzea berma dezan.