GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > HERRI KIROLAK 2006-12-14
Joxemari OLASAGASTI | Aizkolaria
«Nik nahiago nuen tartean enbor handi batzuk egon izan balira»
Joxemari Olasagasti gogoz dago datorren igandean Mindegiaren aurka jokatuko duen apusturako. Berak garbi dauka neurketa estua izango dela eta faborito garbirik ez dagoela. Izan ere, horrelako lan batean enbor txar bat nahikoa baita desafioa galtzeko. Hori bai, saioaren hasiera bizia eta gogorra izango dela uste du, betiko moduan.

Datorren igande eguerdian Tolosako zezen-plazan aizkora apustu handi bat jokatu beharko dute Joxemari Olasagastik eta Miel Mindegiak. Igeldokoa gogoz eta prest dago ate-joka duen desafio horretarako.

­Zer moduz zaude igandeko apusturako?

Ongi. Entrenamendu onak egin ditut; uste dut denbora ere izan dugula prestatzeko, eta gustura nago.

­Azkeneko urte hauetan egin diren aizkora apustu guztietan zu izan zara protagonistetako bat. Zu ausartzen ez bazara, ez al da beste inor ausartzen?

Hori uste dut. Hor jende asko dago, ustez oso onak direnak, sekulako erronkak botatzen ibiltzen direnak, baina gero inork ez du apusturik egin nahi, ez dira ausartzen. Ez dakit zer uste duten, edo zeinen beldur diren. Irabazten bada, irabazi egiten da, eta galtzen bada, galdu, ez da horrekin mundua bukatuko.

­Azkenaldian urtero bi apustu egiten zabiltza.

Bai, uste dut ni bakarrik nagoela edozeini aurre egiteko prest, edo gogoarekin. Lehen esan bezala, apustu bat jokatzeko beldurrik ez da izan behar, galduta ere aurrera egin behar da.

­Badirudi, gainera, gehienek zure kontra jokatu nahi dutela.

Bai, hori ematen du, batez ere nafarrek. Ez dakit bertan girorik ez dagoen, edo gipuzkoarrak azpian izan nahi gaituzten, baina horrela da. Hala ere, ni beti jokatzeko prest egoten naiz. Apustuak ez dira txarrak, eta kirol honi, gainera, indarra ematen diote.

­Mindegiak egin zuen lehenengo deiaren ostean, zuk apusturik ez zenuela jokatu nahi esan zenuen, eta ez zinen bilera hartara joan. Gero, ordea, zerorrek bota zenion desafioa. Zer aldatu zen?

Aldatu, ezer ez. Hasieran nik ez nuen apustu konturik buruan, baina gero koadrila bat sartu zen, eta diru asko jokatu nahi zuten, eta 36.000 euro jokatzeko prest zeuden. Nik banekien hori diru asko zela, eta batek bakarrik horri aurre egitea oso zaila izango zela, baina haien gogoa hori zen, eta orduan bota nion nik desafioa Mieli. Hark, ordea, diru horrekin ez zuen jokatu nahi izan, baina nik beste koadrila batekin aurrera egitea erabaki nuen, eta 18.000 euro jokatu genituen dirutan.Gero, lana egokiagoa da beretzat niretzat baino. Nik oinbiko batzuk edo 80 ontzako batzuk sartuko nituzke, baina berak kana-erdikoetara bota zuen, eta azkenean nik bere lanera joatea erabaki dut.

­ 24 kana-erdikoen ordez, tartean egur handiak sartuta, zuretzat lan egokiagoa izan zitekeen ezta?

Bai, lehen esan bezala, nik oinbiko batzuk edo 80 ontzakoak gustura sartuko nituzke, baina 24 kana-erdiko moztea ere lan handia da, eta nik moztu behar baditut berak ere moztu beharko dituela ikusten nuen, eta azkenean aurrera egin dut.

­Badirudi dirua, edo apustuak, pare samarrean daudela. Faborito garbirik ez dagoen seinale al da hori?

Hori da. Hemen ez dago faborito garbirik. Hau lan azkarra da, eta enbor batean adar bat ateratzea nahikoa da segundo eder batzuk galtzeko, eta gero bestea harrapatu egin behar da. Hor gorabehera handiak izan daitezke, eta uste dut jendea horretaz ohartzen dela.

­Probaren hasiera azkarra eta gogorra izango da, ezta?

Bai, ni horrela izango delakoan nago. Nik beti izan dut hasieran erritmo azkarra jartzeko joera, eta bera ere horrela aterako da. Hasieran denok egin nahi izaten dugu aurrera, eta aldi berean, ez dugu atzean geratzerik nahi izaten, eta igandean ere horrela izango dela uste dut. Nik beti azkar hasteko ohitura daukat, eta igandean ez dut ohitura hori aldatuko.

­Mindegia Nafarroako finalean ikusteko modua izan zenuen; berak txapela irabazi zuen gainera. Nola ikusi zenuen?

Beno, ondo aritu zen, baina ez zuen inolako miraririk egin. Egun hartan, nire ustez, Larretxea Euskal Herriko finalean baino okerrago aritu zen, eta ni, berriz, Euskal Herrikoan ez nintzen batere ongi aritu, beraz, ikusten da zer-nolako gorabeherak izaten diren aste batetik bestera. Ez zuen aparteko ezer egin, baina denak atzean utzi zituen Mindegiak, eta hori kontuan hartu behar da, Larretxea bera ere atzean utzi baitzuen.

­Igandean gertatzen dena gertatzen dela, aurretik, behintzat, giro handia dago.

Bai, uste dut baietz, nik Gipuzkoan, Nafarroan eta Bizkaian oso giro ona ikusten dut, eta hori da garrantzitsuena. Aizkorak behar ditu horrelakoak, horrek indartu egiten baitu eta giroa ere sortzen baitu.

­Lana ezberdina izan arren, apustu honek badauka Erasunen aurka jokatu zenuenaren tankera apur bat, ezta?

Bai, badauka bai.Orduan ere ikusmina handia zen, eta aldi berean, berezia ere bazen, eta iganderako ere horrelako giro bat sumatzen da. Desafio honetan ere jende asko izango delakoan nago.

­Enborrak erdi bana eramango dituzue. Pentsatuta al daukazu nolakoak plazaratu?

Bai, enborrak eutsi samarrak eramango ditut, sendoak. Ez dira ipurdiak izango, ezta gozo horietakoak ere. Gainera, uste dut bai berarentzat bai niretzat, egin beharreko lana nahikoa izango dela.

­Enborren arabera aldatu egiten da, baina lanak zenbat denboratan amaitzea espero duzu?

Beno, berak enbor oso txarrak ekarri ezean, behintzat, nik uste dut 55 minuturen azpitik ibiliko garela, hori da nik dudan errezeloa.-


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Batasuna presentará una propuesta a París dos años después de Anoeta
Jendartea
«Egun seinalatua da hau guretzat»
Euskal Herria
Garzón ordena que se grabe en vídeo a las personas detenidas incomunicadas
Kirolak
«Que yo sepa, por ser favorito en la final no te regalan ningún tanto»
Euskal Herria
Zapatero insiste en que dará «pasos firmes» pero no concreta el momento
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss