Gorenak diputatuek soldata igotzea baliogabetu du
Munduko desberdintasun ekonomiko handienak dituen Estatuko parlamentariek sekulako soldata igoera onartu zuten joan den astean, %91koa, baina Brasilgo Epaitegi Gorenak esan du Konstituzioaren aurkakoa dela neurria, ez baitzuten igoera bozkatu Parlamentuko osoko bilkuran.
BRASILIA
Gaitzidura eta haserrea eragin zuen joan den ostegunean talde parlamentarioetako buruek onartu zuten igoera ikaragarriak. Orain Epaitegi Gorenak atzera bota duen arren, ez da baztertu behar aurki Parlamentuko osoko bilkurara deitzea eta diputatuek eta senatariek igoerari eustea, baina Konstituzioak agintzen duen moduan.Gaur egun, diputatuek eta senatariek hilean 4.560 euroko soldata kobratzen dute. Joan den astean onartu zuten igoerarekin, 8.700 euro kobratuko lituzkete. PPS Alderdi Sozialista Popularrak uste du igoera ez dela bidezkoa, eta horregatik eskatu zion Gorenari neurria bertan behera uzteko. Brasildarren haserrea indartu du, gainera, lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera, une honetan eztabaidatzen ari direna, %7koa izango dela jakiteak. Hau da, aipatu soldata pasatuko litzateke egungo 124 eurotik 133 eurora. Astelehenean, funtzionario erretiratu batek bere burua kateatu zuen Renan Calheiros Kongresuko presidentearen bulego aurrean. Ordu erdiz egon zen horrela, haserrea adierazi nahian. Gainera, Rita de Cassia Sampaio de Souza 45 urteko emakumeak Antonio Carlos Magalhaes Neto eskuineko diputatuari labankada eman zion. Salvador hiriko kale batean ikusi zuen diputatua, eta bertan egin zion eraso. Parlamentariarekin zihoazenek eraman zuten emakumea Poliziarengana. Elizak eta Gobernuko kide batzuek ere bat egin dute herritar gehienen haserrearekin. PPSko Antonio Freireren iritziz, %91ko igoera nahi zutenek uste zuten �gizartearen oroimena ahula dela eta urte amaierako festekin dena ahaztuta geratuko zela�. Oker zebiltzan.
|